SASKIBALOIA. NBA LIGA

Aspaldiko irekiena, baina hori kolorekoa

Goizaldean hasi dira final-zortzirenak; Minnesota, San Antonio eta Lakers dira faborito, eta Indiana izan liteke ezustekoa

Andoni Urbistondo.
2004ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Goizaldean hasi dira 2004ko titulurako kanporaketak NBAn. 82 partida nekagarri jokatu dira sei hilabetez, ia, baina egutegi gogor hori emaitza ona lortuta gainditu izanak ez du ezertarako ziurtasunik ematen. Betiko leloa da benetako ordua iritsi direla, akatsak egiteko baimenik ez dagoela aurrerantzean, baina egia borobila da hori. Kale egiten dutenek udazkena arte, azaroa arte hartuko dituzte oporrak.

Liga parekatua, berdindua,izan da oso. Talde bakar batek gainditu du 60 garaipeneko langa, Indianak, 61 garaipenekin. Indianak lortu du marka onena, baina horrek ez du esan nahi talde onena denik, Ekialdeko edo Mendebaldeko Konferentzian jokatzea arras ezberdina delako. Mendebaldean orpoz orpo aritu dira azken unea arte lau talde, Konferentziako titulua lortzeko: Minnesota garailea (58-24), San Antonio (57-25), Lakers (56-26) eta Sacramento (55-27).Indiana bera ez, lau talde horietako bat izan liteke aurtengo txapelduna. Hala ez gertatzea ezusteko handi samarra litzateke. Garaipen eta porroten balantzeari atxikita, Indiana izanda onena, halere, eta aukerarik ez ematea ere gehiegizkoa litzateke.Minnesotak Denverren aurka jokatuko du lehen kanporaketa. 4-0 edo 4-1 irabazi beharko luke Minnesotak. Bere hautagaitza sendoa dela erakusteko funtsezkoa da garaipen argia, beti geratu baitira Konferentziako Finalaren atarian. Denver, bestalde, konforme da titulurako kanporaketak jokatze hutsarekin. Lakersek Liga gorabeheratsua osatu du, baina NBAko talde osoena duela esatea ez da erokeria, eta talde osoena eraztuna lortzeko hautagaia da, beti. Ligako jokalari erabakigarriena dute, Kobe Bryant eskolta, eta Ligako pibot nagusia: Shaquille O'Neal. Ez du denboraldi ikusgarria egin, baina geldiezina da oraindik. Houstonen aurka jokatuko du Lakersek eta O'Neal eta Yao Ming pibot txinatarraren arteko borroka da pizgarria, baina beste xehetasun batzuk finkatuko dute kanporaketaren bilakaera. Bryantek eta Phil Jackson entrenatzaileak istiluren bat izan dute, Jacksonek oso berekoia dela leporatzen diolako Bryanti. Karl Malone eta Gary Payton (Lakers) eta Steve Francisen (Houston) jarduna ere gertutik zaindu beharko da. 4-1 Lakersen alde.

Detroit da Indianaren aurkari bakarra

Ekialdeko Konferentzian Indiana eta Detroit dira Konferentziako Finala jokatzeko hautagaiak. Sailkatu diren beste talde denek, New Jersey Netsek izan ezik (47-35) nahiko lan izan dute garaipenen portzentaia %50etik gora eramateko, eta lehen edo bigarren kanporaketan hartuko dituzte oporrak.

Indianak 4-0 edo 4-1 irabazi behar lioke Boston Celticsi. Detroitek (54-28) Milwaukeeren aurka jokatuko du lehen kanporaketa. Detroit da faboritoa, batez ere neguko merkatuan Rasheed Wallace hegal-pibota fitxatu ostean. Emaitza, 4-2.Miami eta New Orleansen arteko kanporaketa da parekatuena. Goraipatzekoa da Miamik Izarren Partida eta gero egindako bidea. NBA osoko talde onenetakoa izan da. Konfiantza hartu dute eta urrun irits litezke. Talde zailaren sona hartu du, halere, New Orleansek. Miami aurrera, 4-2, edo 4-3.

Hudson badiako derbia





Tradizioz, New York Knicks eta Miamiren arteko lehiak izaten ziren gogorrenak Ekialdean. Aintzat hartu behar da New Yorkeko zaleak AEB osoan barrena daudela barreiatuta, eta horietako asko Miamin daudela, opor leku oparoa delako. New Jerseyk, Hudson badiako bestaldeko taldeak hartu du orain Miamiren txanda. New Jerseyk pattal jardun zuen otsaila arte, baina oso txukun gero, 47-35eko marka lortu arte. New Yorkek (39-43) Marbury eta Houston ditu, azken horren partehartzea zalantzazkoa bada ere. New Jerseyk Jason Kidd, NBAko antolatzaile onenetakoa, eta Kenyon Martin pibota ditu. Edozeinek irabaz dezake. New Yorkek eskarmentu handia du titulurako kanporaketetan. New Jerseyk bi final jokatu ditu azken urteetan. Emaitza: New Jersey, 4-2 edo 4-3.

Talentua borborka





Ikuskizuna puri-purian, hori ikus daiteke Sacramento eta Dallasen arteko kanporaketa batean. Erasora jokatzen dute biek lotsagabe, baina hori da euren galbidea, defentsa lanari garrantzirik eman gabe ezinezkoa baita ezer irabaztea. Tituluak norberaren saskipea ondo zainduta hasi behar dira eraikitzen. Sacramento izan da Ligako talde onena hilabete askotan, baina indarra galdu du azken astetan, eta zalantza eragin du horrek. Betiereko faboritoa da Sacramento, eta ezin bat-batean haren aukera ezetsi. Chris Webber, Mike Bibby eta Peja Stojakovic dauden taldea edozer egiteko gauza da. Dallas nahi eta ezin aritu azken urteetan. Talentu handiko jokalariak ditu (Nowitzki, Nash, Jamison, Finley, Walker...), baina pibot sendo bat falta dute eta menpekotasun handia dute kanpoko jaurtiketekiko. Sacramento, 4-2.

Tim Duncani begira





San Antonio gaizki hasi zen, baina gora egin du. Bere jokoa nahiko itsusia da, defentsan oinarritua, markagailu ikusgarririk gabekoa, baina eraginkorra. Memphis izango da euren aurkaria. Lanak eman diezazkioke, Ligan bezalatsu. Lau partidatik hirutan nagusitu dira Memphiskoak, horietan San Antonioko Tim Duncan izarrak jokatu ez bazuen ere. San Antoniok badaki zer den titulua irabaztea, eta Memphisek lehen aldiz jokatuko ditu titulurako kanporaketak. Esperientzia, fedea, sinismena funtsezkoak izan ohi dira, eta horretan alde ikaragarria du San Antoniok. Erne Memphisekin, dena den, Duncani defentsa bikoitzak eta hirukoitzak egiteko jokalari azkar eta gihartsuak dituelako: Bonzi Wells, Shane Battier, James Posey. Pau Gasol ez da Tim Duncan, baina postu batetan baino gehiago joka dezake, eta min handia egin. San Antonio, 4-2 edo 4-3.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.