Krisiak gogor astindu du pilota profesionala, eta Aspek jendaurrean onartu du neurri ekonomikoak hartu beharko dituela. Ohar bidez jakinarazi duenez, Eibarko enpresa langile, teknikari eta pilotariekin biltzen hasiko da soldaten egokitzapena aztertzeko, eta hartu beharreko neurriak hartzeko. Enpresak onartu du azken urteetan murriztu egin direla diru sarrerak, eta horrek harrarazi diola halako erabaki bat. Atzoko Bilboko jaialdian parte hartu zuten pilotariek azaldu zutenez, gaiari buruz hitz eginda zeuden.
Pilota enpresak aspaldi hasi ziren krisiaren eragina sumatzen. Aurtengo udan jaialdi gutxiago saldu dituzte, eta plaza handietan sarrerak ez dira hain onak izaten ari. Aspek oharrean dioen bezala, azken urteetan diru sarreretan «jaitsiera progresiboa» pairatu dute, gizartearen egoera ekonomikoaren eraginez. Beraz, eta urte bukaerako emaitzak «orekatu» ahal izateko, «ezinbestekoa» ikusten du soldatak gaur egungo ekonomi errealitatera egokitzea, «hala merkatuan duen tokia hobetzeko eta etorkizunerako bideragarri izateko». Merkataritza erregistroko datuen arabera, enpresak %22ko jaitsiera izan du diru sarreretan 2007tik 2011ra, eta iaz pixka bat zuzendu zuen azken urteotako joera.
Oharrean enpresak ez du kaleratzeen inguruko ezer esaten; bai, ordea, aldaketak aurreikusten direla «ordainketa sisteman» eta «soldatetan». Azken urteotan pilotari kopurua txikitu du enpresak, eta egun hogeita sei dituzte koadroan. Bilboko atzoko jaialdian jokatu zuten pilotariek ez zuten adierazpen luzerik egin, baina aldagelan hitz eginda zeuden egoeraren inguruan, eta oharrak ez zituen oharkabean harrapatu.
Titin eta Merino nagusi (22-8)
Juan Martinez de Irujok eta Abel Barriolak Bilboko Aste Nagusiko torneoko finalean sartzeko ia aukera guztiak galdu zituzten atzo, Titin III.a eta Merino II.aren aurka 22-8 galduta. Errioxarrek galdu egin zuten lehen partida, Bengoetxea VI.a eta Apraizen aurka, 20-22, eta finalean sartzeko aukera daukate oraindik. Bihar jokatuko da B multzoko azken jardunaldia: Martinez de Irujo-Barriola, Bengoetxea VI.a-Apraizen aurka. Guztiek dute oraindik sailkatzeko aukera.
Gaur A multzoko azken jardunaldia jokatuko da, Berasaluze VIII.a-Albisu, Olaizola II.a-Beginoren aurka. Partida bat irabazita daude bi bikoteak; gaurko garailea izango da lehen finalista.
Aspen ere murrizketak
Eibarko enpresak langile eta pilotariekin biltzen hasi behar du, soldaten egokitze prozesu bat abian jartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu