Duela bederatzi egun eskas, sailkapeneko postu garratzenetatik gertu zegoen Osasuna, lehendabiziko zazpi jardunaldietan zazpi puntu bilduta. Zaragozaren aurkako partida jokatu aurretik urduritasuna zen nagusi Iruñean, azken bost partidetan hiru berdindu eta bi galdu baitzituen Jose Luis Mendilibarren taldeak. Entrenatzaile zaldibartarrak San Mamesko derbiaren bezperan egin zituen adierazpen aldrebesek ere ez zuten lagundu giroa baretzen. Hargatik, Zaragoza aise menderatu ostean (3-0), baikortasuna itzuli zen berriz ere Osasunako zaleen artera. Eta zortzi egunen bueltan baikortasun hura puztu egin da gehiago. Getafen (Espainia), bi aldiz aurreratu ostean, berdinketarekin konformatu behar izan zuten, baina herenegun Nafarroako Erresuman Levante ordu arteko liderra mendean hartuta (2-0), astea ezin hobeto biribildu dute gorritxoek. Hala, azkeneko hiru partidetan lortutako zazpi puntuei esker sailkapeneko zortzigarren posturainoko jauzia egin dute nafarrek.
Hamalau punturekin, datorren denboraldian Europako Ligan jokatzeko txartela ematen duten postuak bi puntura ditu Iruñeko taldeak orain. Hargatik, horretan pentsatzea nahasten hasteko lehen pausoa izango litzateke Mendilibarrek entrenatzen dituen jokalarientzat. Helburua mailari eustea da, eta partidaz partida joan behar da horretarako, burua beste gauzekin nahastu gabe. Hurrengo erronka ez da batere erraza, gainera. Datorren igande eguerdian Santiago Bernabeun jokatuko dute nafarrek, sailkapeneko buruan kokatu berri den taldearen aurka, Real Madrilen aurka. Azken jardunaldia hasi aurretik ezusteko liderra zen Levante, 23 punturekin eta partida bakar bat ere galdu gabe. Gorritxoek, baina, Herrialde Katalanetako taldea makurrarazi zuten.
Datorren asteburuko neurketak, ordea, ez du zerikusirik herenegungoarekin. Real Madril ez da Levante, eta aspaldiko partez sailkapenaren buruan jarri ostean, Jose Mourinhok zuzentzen duen taldeak estu oso hartuko du Mendilibarren taldea, sailkapenaren buruan eta Bartzelona aurkari zuzenaren aurretik jarraitu ahal izateko. «Gaurkoa partida zaila bazen, atera kontuak datorren asteburukoa nolakoa izango den. Orain, atseden hartu behar dugu, eta asteazkenean hasiko gara Bernabeuko partidan pentsatzen [atzo eta gaur jai dute Osasunako jokalariek]. Ea eguerdiko hamabietan jokatzearen ondorioz lo harrapatzen ditugun», esan zuen datorren asteburuko partidaren inguruan Mendilibarrek Levanteren aurkako partida amaitu ostean.
2004ko garaipen bikain hura
Jardunaldiko eta ziurrenik denboraldiko ezusteko nagusia izango litzateke Osasunak igande honetan Real Madril Santiago Bernabeun menderatzea. Estatistikak argigarriak dira: Iruñeko taldeak galdu egin ditu Ligan Santiago Bernabeun jokatu dituen azkeneko sei partidak. 2003-2004 sasoian lortu zuen azken garaipena Osasunak Real Madrilen estadioan. Garaipen historikoa izan zen gainera, 0-3 nagusitu baitzen, Valdok, Pablo Garciak eta Mohak sartutako golei esker. Zaila, ezinezkoa kasik dirudi igande honetan horrelakorik errepikatzea. Osasunako jokalariek ez dute baztertzen liderra ustekabean harrapatzea. «Puntu guztiak garrantzitsuak dira, eta Santiago Bernabeun puntuak batzea ez da gauza samurra. Adorea eman digu jokoan egon diren azken bederatzi puntuetatik zazpi batu izanak», adierazi zuen Patxi Puñal gorritxoen kapitainak herenegun, Levanteren aurkako norgehiagoka amaituta. Igande honetako erronkaren zailtasunaz inor ohartu beharrik ez dago, dena dela.
Aste bikaina
Zortzi egunean jokatutako hiru partidetan zazpi puntu bilduta, sailkapeneko zortzigarren posturaino igo da OsasunaKonfiantzaz lepo, igandean Bernabeun ezustekoa ematen saiatuko dira gorritxoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu