Astelehenetako lehena

Derbia astelehenean jokatzeak ez du inor poztu, eta giroa hotzagoa izan daiteke, baina bi taldeek behar dituzte puntuak

Haritz Gallastegi. Iruñea Bilbo
2010eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Puntu premia bertsuarekin iritsiko dira bihar Athletic eta Osasuna Nafarroako Erresumako derbira, nahiz eta helburuak oso desberdinak diren azken txanpa honetan. Datorren denboraldian ere Europan lehiatzeko itxaropenarekin dira bilbotarrak, eta datorren denboraldian ere Lehen Mailan jokatzea da iruindarren helburu bakarra. Helburuak helburu, sasoiko azken euskal derbia irabazi egin nahi dute bi taldeek. Derbi txepel samarra izango da, telebista eskubideen jabeek partida astelehenean jokatzea erabaki dutelako. Osasunazaleen eguna ospatu nahi zuten gorritxoen peñen federazioko kideek derbian. Baina hitzordua astegunean izanik, zale gorritxoen festa atzeratu egin da. Hala eta guztiz ere, derbiak partida bereziak izaten dira beti, eta bi taldeen arteko lehia berezia aintzat hartuta, zelaian ikuskizuna ziurtatuta dago.

Osasuna salbazioa ziurtatu nahian dabil azken jardunaldietan, baina golik sartu ezinik dabilenez, asko kostatzen zaio irabaztea. Partida bat irabaztea nahikoa izan daitekeela diote askok, baina sailkapenaren atzealdean dauden taldeek hortzak estutu dituzte azken jardunaldietan, eta gorritxoek ezin dute Athleticen aurka kale egin. Are eta gutxiago datorren asteburuan Real Madrilen zelaian jokatzen dutela jakinda. Azken orduko estutasunak saihesteko, biharkoa oso partida garrantzitsua da Jose Antonio Camachok zuzentzen dituen jokalarientzat. Dena dela, azken urteotan joera zertxobait aldatu bada ere, Athleticek atsekabe ugari eman izan dizkio Osasunari bere zelaian. Real Madrilek, Bartzelonak eta Athleticek soilik lortu dute Iruñean galdu baino gehiagotan irabaztea. Bihar ere izerdia erruz bota beharko dute gorritxoek zuri-gorriak menderatzeko.

Sergio, Juanfran, Pandiani eta Nekunam kili-kolo ibili dira aste osoan, baina azkenean, irandarra izan ezik, beste guztiak prest egongo direla dirudi. Dena dela, Osasunako entrenatzaileak bost aldaketa egin ditzake hasierako hamaikakoan. Ezker hegalean Monrealek partida bateko zigorra bete beharko du txartel pilaketaren ondorioz, eta Jon Etxaidek beteko du haren hutsunea. Fernando Llorentek goitik datozen baloietan duen nagusitasuna orekatzen ahalegintzeko erdiko bi atzelariak ere aldatu egingo ditu Camachok: iragan igandean Flaño eta Josetxo larri ibili ziren Adurizekin Mallorcan, eta Sergio eta Roversio sartuko ditu hamaikakoan. Roversiorentzat denboraldiko bigarren partida izango da. Real Madrilen aurka soilik aritu zen brasildarra, urtarrilean. Euskarri bikoitzean Ruper izango da saru berria, Vadocz hungariarraren kaltetan, eta aurrealdean Pandiani taldera itzuliko da. Hamar golekin taldeko golegile onena da, eta haren itzulera albiste bikaina da gorritxoentzat.

Athletic, puntu premian

Puntuak behar dituzten talde guztiei gertatzen zaien legez, presiopean jokatuko du Athleticek. Baina presio guztiak ez dira berdinak. Ez da gauza bera mailari eusteko borrokan dagoen talde batek daukan presioa eta Europako lehian sartu nahian dabilenarena. Zorionez, Athletic talde irabazleek duten presioarekin ari da jokatzen. Ez da txarto moldatu, gainera.

Baina futbolean itxura ona emateak ez du askorako balio. Emaitzek agintzen dute, eta azken jardunaldietan zuri-gorrien aurkari zuzenenek emaitza hobeak eskuratu dituzte. Ondorioz, duela jardunaldi gutxi pare-parean zeuden arren, Mallorcak eta Sevillak aurrera egin dute. Txapeldunen Ligan sartzeko aukera galdu egin du. Hori gutxi ez, eta sailkapenean atzerago zeudenek aurrerapausoa eman dute. Bistan da Athleticek ezin duela etxetik kanpo irabazi gabe jarraitu.

Caparrosek ez du euskal derbirako duen asmoen berri eman. Baina jakina da gutxienez aldaketa bat egin beharko duela. Txartel pilaketa dela tarteko, Andoni Iraolak ezin izango du jokatu. Gurpegi eta Ustaritz dira atzealdeko eskuin hegalekoan jokatzeko hautagaiak. Orain arte Andosillakoa aritu da Iraolak kale egin duenean. Nafarrak atzean jokatuko balu, Susaeta ariko litzateke zelai erdian. Horrenbestez, erasorako zelai erdi aproposa zelairatuko luke Caparrosek. Ustaritz eskuin hegalean zelairatu, eta Gurpegi euskarrian mantentzea da beste aukera bat. Egoera horretan ere Susaetak jokatuko luke eskuinean. Baina hirugarren aukera bat ere badago; aukera kontserbadorea. Orbaiz eta Javi Martinez euskarrian kokatu, eta Ustaritzi eta Gurpegiri eskuin hegalean jokatzeko aukera ematea. Hirugarren aukera horrek sendotasuna emango lioke defentsan Athletici, baina erasorako hegal bat galduko luke.

Gaizka Toquerok ere izan dezake jokatzeko aukera. Aurrelari zuri-gorriak min hartu zuen eskuin hankan Valentziaren aurka lehiatu bezperan, eta ordutik taldetik aparte egon da. Atzo egin zuen lehen lan saioa taldearekin. Orain, teknikariak erabaki beharko du arriskatzea merezi duen ala ez. Jokalaria prest dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.