PILOTA. LAU T'ERDIKO TXAPELKETAKO FINALA

Atanoko azken finala? Donostiakoa da final gehien hartu duen pilotalekua, baina aurki laugarrena izango da eserleku kopuruari dagokionez; lehia handietatik urrundu daiteke.

Donostiakoa da final gehien hartu duen pilotalekua, baina aurki laugarrena izango da eserleku kopuruari dagokionez; lehia handietatik urrundu daiteke

Imanol Magro Eizmendi.
2010eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Lehenbizi, Anoeta izenarekin, eta gero, Atano III.arekin, baina Donostiako pilotalekua beti egon da pilotako egun handiekin hertsiki lotuta. Txapelketen sariei begirada bat egin, eta berehala ikusten da bertan jokaturiko partida handi andana. Guztira, buruz buruko 39 final eta binakako 23 jokatu dira han. Pilota profesionalaren legea, baina, krudela da, eta 1.856 ikusleentzako tokia aurki gutxi izango da Gasteizko Ogetako 2.115, Bilboko Bizkaiko 2.800 edo Iruñeko Nafarroako Erresumako 3.000 horiekin alderatuta. Ikusteko dago igandeko lau t'erdikoa azken finala duen. Lau t'erdiko modernoko lehen finala ere han jokatu zen.

1963aren uztailaren 17an zabaldu zuten Anoeta pilotalekua, eta 1995ean aldatu zioten izena Atano III.arengatik. Garaiko kroniken arabera, Jose Cruz Sodupe bikarioak bedeinkatu zuen, eta Atano III.ak egin zuen lehen ohorezko sakea. Lehen partida pala motzekoa izan zen, eta Llorcak eta Unanuek 20-16 irabazi zieten Gurrutxagari eta Fernandezi. Partidaren ondoren, «Espainiako ardo kopa bana» banatu zuten ikusleen artean. Ordurako Groseko pilotaleku historikoa eraitsia zen, eta Urumeak urte gutxi gehiago iraun zuen.

Geroago etorri ziren milaka partida handi, eta eraiki zenetik lau aldiz baina ez da buruz buruko finala beste pilotaleku batean jokatu. Azkena, iazkoa. 1970ean ere Munduko Txapelketa jokatu zen han, eta Joseba Elosegik harmailetan eman zio su bere buruari Francoren gainera jauzi egiteko. Pilotaz gain, beste kirol asko jokatu dira bertan, baita bertsolari txapelketa nagusiko bi final ere: 1965ean eta 1967an, biak Uztapidek irabaziak, tartean ikusleek Xalbadorri txistu egin ziotenekoa.

Lanak 1995ean

Egun Donostiako kirol patronatuak kudeatzen du erabilera, eta 1995ean berritze lan handia egin zuten, eta Atano III.a izena hartzeaz gain, berdez margotu zuten. Mugarri bat izan zen kolore berriaren aldeko apustuan. Azken berritze lanak duela bi urte egin zituzten, teilatuan. Gaur egun ondo dago, baina pilotari askoren iritziz kantxako zorua aldatzea komeniko litzateke, zulo asko dituelako. Bitxia bada ere, asko dira gustukoen duten pilotalekutzat jotzen dutenak. Urte bakarrean bi pilotaleku handi irekiko dira Euskal Herrian, eta atal apalago bat has daiteke Atanoren historian. Egia da ere aurtengo lehen bi finaletan ez zela bete Ogeta, eta, horregatik, Donostiako pilotalekuak final itxaropenari bizi-bizi eutsiko dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.