Murtziaren aurka, Reala gaur «denboraldiko partida garrantzitsuenaren aurrean» jarri dute. Seinale txarra aste bat edo bi aste barru Txapeldunen Ligako final-zortzirenetara sailkatzen den lehen taldea izan daitekeela kontuan hartuta.
Urduri sumatzen dut Realaren ingurunea. Ligaren lehen heren honetan Denoueixen txandakatzeak eztabaidagai izan dira. Ados egon edo ez, ulergarria da taldeak aurreko denboraldian egin zuen jokoa gogoan hartuta. Orain, ordea, De Pedro min hartuta dagoela eta, asteartean Gabilondo zelairatu zelako entzun ditut kexak. Baita gaur Nihaten ordez min hartuta dago hori ere Lee zelairatuko delako.Denoueixek esku artean dituen jokalariak ditu. Eta horiekin jokatu behar du. Baten bat lesionatzen bada, eta ordezkoa gustukoa ez bada, hori ez da bere kontua. Taldeak kale hor egiten badu; ezin da Denoueix jomugan jarri.Iragan gertuko mamuak sumatzen ditut Realaren inguruan. Orain beheko postuetan sartu, eta atera ezingo den beldurra. Taldeak aurreko denboraldian eman zuen maila ikusita, ez dago zergatik horretan pentsatu. Sailkapenean txuri-urdinen azpitik nortzuk dauden begiratu besterik ez dago, tartean Celta, Txapeldunen Ligako taldea hori ere.Atsedena behar dute jokalariek. Atsedena egutegian eta atsedena presioan. Egutegikoa iritsiko da, Txapeldunen Ligako ligaxka bi aste barru amaituko baita. Realak Espainiako Kopa jokatu beharko du, baina nekea jada ez da berbera izango. Ez da gauza bera Atenasera hiru egunerako bidaiatzea, edo Gasteizera egun bakar baterako egitea. Psikologikoki ere nekea beste bat da. Bestelako atsedena behar da, eta gaurko partidaren atarikoa ez da egokiena izan.
ATARIKO ORDUA. Iragan gertuko mamuak Realean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu