Giorgio Marchetti UEFAko lehiaketa zuzendariak baieztatu du Athleticek ez duela datorren denboraldian Europako Ligako atariko fasea jokatu beharko, eta zuzenean sailkatuko dela multzoko fasera. Athletic Espainiako Kopako finalista da, eta haren aurkari Bartzelona Txapeldunen Ligara sailkatuko denez, zuzenean pasako da Athletic Europako Ligara.
Espainiako Futbol Federazioaren (RFEF) presidente Angel Villarrek egin zuen neurri horren alde, eta bi urtez luzatuko da. Horrekin batera, Villarrek proposatu zuen Kopako irabazlea Txapeldunen Ligara igarotzea, laugarren sailkatuaren ordez, baina UEFAk baztertu egin zuen eskaera —Ingalaterra, Italia eta Frantziaren babesarekin—, telebista kateen presioa zela eta.