Sei urtean laugarren aldiz jokatuko du Athleticek final bat, Espainiako Kopan hirugarrena. Zuri-gorriek nagusitasunez irabazi diote Espanyoli Cornella-El Praten, eta berriz ere Bartzelona izango dute arerio kopako finalean; 2009an eta 2012an bezala.
Joanekoan bana berdinduta, gutxienez bi goleko berdinketa behar zuen Athleticek finalera igarotzeko. Edo irabaztea. Eta berehala bideratu dute kanporaketa bizkaitarrek, lehen ordu laurdena igarotzerako Adurizek aurretik jarri baititu zuri-gorriak.
Aurten Bai! Jokalari eta zaleen poza. #aurtenBAIpic.twitter.com/oJQXXrlizF
— Athletic Club (@athletic_eus) March 4, 2015
Soilik orduan hasi da Espanyol gora jotzen, eta arazoak sortu dizkiote Herrerin atezainari. Espanyol ondoen zegoenean, ordea, Etxeitak bigarrena egin du buruz, korner batean. 42. minutua zen, eta gol horrekin ia erabakita utzi du Athleticek kanporaketa, hiru gol behar baitzituen Espanyolek finalean izateko. Bigarren zatian, partida kontrolpean izan du Athleticek. Espanyolek erasora jo behar izan du, eta zuri-gorriek abagune argiak izan dituzte hirugarrena egiteko, baina ez dute asmatu.
Finalaren gozoan, bi albiste gazirekin itzuliko da Athletic Bilbora; Iago Herrerinek min hartuta utzi du zelaia —atezainak zuntz haustura duela esan du Valverdek—, eta Oscar de Marcosek ezin izango du finala jokatu, txartel horia atera baitio epaileak.Maiatzaren 30ean jokatuko dute finala Athleticek eta Bartzelonak. Lekua dago zehazteke.