FUTBOLA. EUROPAKO LIGA

Athletic, gaindiezin (5-1)

Athleticek nagusitasun osoz irabazi dio Partizani San Mamesen, eta hirugarren garaipena lortu du jarraian Europako Ligan. Zuri-gorriek nahikoa dute hiru aste barru Alemanian berdintzea final-hamaseirenetan aritzeko. 

Athleticeko jokalariak Adurizek sartutako gola ospatzen, partidako laugarrena. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Julen Etxeberria.
2015eko azaroaren 5a
08:14
Entzun

Athleticek hilabete pasatxo darama gaindiezin, Alkmaarren (Herbehereak) galdu zuenetik, hain zuzen. Porrot horrek argi gorria piztu zuen. Ligan, jaitsiera postuetan zen, eta Europako Ligan, larri antzean. Ez zen egoera ona. Baina beste hainbatetan egin bezala, gehien behar zuenean suspertu da. Sei partida jokatu ditu ordutik, Ligan lau eta Europako Ligan bi, eta Riazorren jokatutako neurketa ez beste —bina egin zuen 0-2 joan ondoren—, guztiak irabazi ditu, azkenekoa gaur gauean, San Mamesen, Partizanen aurka (5-1), Europako Ligako ligaxkako laugarren jardunaldian.

Egoera oso bestelakoa da orain. Ligan, zortzigarren da, Europako postuetatik bi puntura. Europako Ligan, berriz, lider sendoa da bere multzoan, bederatzi punturekin, eta oso bideratuta du final-hamaseirenetarako sailkapena. Nahikoa du hiru aste barru Augsburgen (Alemania) berdintzea aurrera egiteko.

Zer gertatu da hilabete pasatxoan Athleticek horrelako aldaketa izan dezan? Sinplea da, lehiakorra da orain. Eta nola lortu du? Bete-betean arituta, arlo guztietan: atzealdean, sendoagoa da, jada ez du horren erraz hanka sartzen —bost gol sartu dizkiote azken sei partidatan—; zelai erdian, berriz, iparra topatu du, hein handi batean Beñaten lan bikainari esker; erasoan, azkenik, Adurizen betiko eraginkortasunari taldekideena gehitu zaio —hemezortzi gol sartu ditu Athleticek azken sei partidatan, hiru lehiako—. Horrek guztiak indartsuago egin du taldea. Konfiantza eman dio ere bai. Eta Athletic konfiantzaz dabilenean zaila da inork mendean hartzea. Gozatzen ari dira jokalari zuri-gorriak, aspaldi ez bezala.

Athletic, hazita, gozatzen, eta Partizan, burumakur, sufritzen. Halako lehia batean agerikoa da gertatu beharrekoa: gozatzen ari denak irabaziko du ia ziur. Eta halaxe gertatu da gaur gauean. Irabazi egin du talde zuri-gorriak, eta orain bi aste Belgraden egin bezala, oso erraz irabazi, Partizani goitik behera nagusituta.

Athleticek lehen zatian utzi du bideratuta garaipena: 3-1. Williamsek ordu laurden besterik ez du behar izan lehen gola sartzeko. Pozak, ordea, minutu eskas iraun du. Oumaru bakarrik geratu da Herrerinen aurrean, eta berdinketa lortu du. Legez kanpo zegoen, baina epaileak ontzat eman du gola. Baina partida ezin eroagoa zegoen, eta hurrengo jokaldian bigarren gola sartu du Athleticek. Beñatek pasea eman dio Adurizi, eta haren erdiraketa bikain errematatu du Williamsek. Aurrelari gazteak lau gol sartu ditu azken bi partidatan.

Etxekoen bigarren golak apur bat lasaitu du erritmoa. Athleticek, halere, arriskua erraz sortzen jarraitu du. Eta halako batean Aduriz bakarrik geratu da area ertzean, eta falta egin diote. Beñatek jaurti du, eta Belgraden egin bezala, sareetara bidali du baloia, maisuki.

Hirugarren golak ia erabakita utzi du partida. Bigarren zatian joko gutxi ikusi da, baina bai golak, bi, biak Athleticenak. Aurrenekoa, Adurizek, buruz, Athleticekin sartzen duen 100.a. Bigarrena, Elustondok, Eraso eta Adurizen jokaldi polita biribilduta. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.