Athletic ezin hobeto itzuli da lehiaketara jokalarien grebaren ostean. Zuri-gorriak 1-4 gailendu dira Rayo Vallecanoren etxean. Athleticek ordu erdi behar izan du aurrea hartzeko. Ane Azconak Oihane Hernandezen erdiraketa errematatu du, eta sarera bidali du baloia. Aurretik ere, Azconak beste bi aukera izan ditu markagailuan nagusitzeko. Bigarren gola une erabakigarrian iritsi da, atsedenaldiaren aurretik, 45. minutuan. Oihane Valdezate izan da goleatzailea.
Bigarren zatia lehena amaitu bezala hasi du Athleticek. 51. minutuan lortu dute neskek hirugarren gola. Damaris Egurrolak sartu du, talde zuri-gorriarekin jokatu duen ehungarren partida ospatzeko. Yulema Corresek sartu du lehoien azkena, 67. minutuan. Rayok hiru minutu geroago sartu du bere gol bakarra, baina Athleticek sendo eutsi du, amaierara arte markagailuari eusteko. 1-4, Rayo Vallecano kirol hirian.