Futbola. Espainiako Kopako finala: Athletic-Bartzelona. Oscar de Marcos. Athleticeko jokalaria

«Athletic lehiakorra ikusteko gozatu egin behar dugu zelaian»

Bartzelonari aurre egiteko «gai» ikusten du taldea erdilari arabarrak. Halaber, Europako Ligako finalaren atarian Athletic eta ingurukoak «pasatu» egin zirela iritzi dio jokalari zuri-gorriak.

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Oscar De Marcos izena duen ardoa zeresana ematen ari da. Urtekoa da. Ardoa gustuko dutenentzat ederra. Ardo zaleak ez direnentzat gogorregia omen da. Bordelen (Frantzia) hirugarren saria irabazitakoa da. Beraz, bada zerbait. Ardo horren egilea Oscar De Marcosen (Guardia, Araba, 1989) osaba da. Bada, bere izena daraman ardoaren pare edo gainetik ibili da Athleticeko erdilaria denboraldi honetan. Ligako ezusteko nagusietako bat izan da. Hamaikakorik oneneko kide aukeratu dute. Horrek argi eta garbi erakusten du zelai erdian erakutsi duen maila. Talde zuri-gorriaren motor nekaezinak azken erakustaldia eman gura du bihar Espainiako Kopako finalean.

Espainiako Kopako finala ate-joka dago. Pasatu al zaizue Europako Ligako porrotak eragindako mina? Edo ezinezkoa izan da Bukarestekoa burutik kentzea?

Erabat ahaztu dugu Europako Ligako finalean gertatutakoa. Behin egun batzuk pasata, atzean utzi genuen. Ez dugu Bukaresteko partidaren gainean pentsatu. Kopako finalak sortu digun ilusioak itzalean utzi du aurreko finaleko porrota.

Porrotak mingarriak dira beti, baina Kopako finalari aurre egiteko lagungarriak izan daitezkeen ondoriok ere izan omen zituen, askoren ustez, Bukaresten gertatutakoak. Biharko Athletic helduagoa eta gogorragoa izango ei da.

Finalak jokatzen jakitea oso garrantzitsua da. Xehetasun guztiek balio dute gisa horretako norgehiagoka batean. Vicente Calderonen lasaiago ariko garela uste dut. Nik uste dut eskertu egingo dugula Bukaresten ikasitakoa.

Apaltasuna falta izan al zen Bukaresteko finalari aurre egiteko? Apaltasun falta aipatzean, ez da jokalariei bakarrik egindako kritika bat. Athletic familia guztiari egindako kritika da. Hau da, jarraitzaileei, hedabideei, baita protagonista nagusiei ere, zuei, jokalariei.

Zuretzat apaltasun falta dena, neurri gabeko ilusioa da niretzat. Jarraitzaileak erotu egin ziren finalaren aurrean. Europako final bat zen, ondo ezagutzen dugun talde baten kontra… horren gertu ikusi genuen garaipena eta horrenbeste gogo geneukan irabazteko, beharbada, gehiegi egin genuen berba. Agian, itxaropen gehiegirekin egin genion aurre finalari. Egindako akatsetatik ikasi egiten da. Kopako finalaren aurreko egunak askoz lasaiagoak izan dira.

Egia da, bai. Kazetariok orain hiru aste Europako Ligako titulua nola ospatuko zenuten galdetzen genizuen. Erokeriaren bat egiteko asmorik ba ote zenuten eta horrelako kontuak. Oraingoan ez da gisa horretako galderarik egon.

Horrelako galdera gutxi entzun ditugu. Aurrekoan denok pasatu ginen apur bat.

Vicente Calderonen Bartzelona izango duzue zain. Pep Guardiolak entrenatutako taldea da faborito argia titulua irabazteko. Beraz, Athleticek ez du aparteko presiorik izango. Hori bai, aurrean izango duzuen taldea munduan dagoen onena da.

Talde ikaragarria da Bartzelona. Beraz, argi dago neurketa nekeza izango dela. Baina guk irabazteko esperantza daukagu. Ligan erakutsi dugu eurei aurre egiteko gai izan gaitezkeela. Bada, ligan posible izan bada zergatik ez final batean?

Kopako finala sasoiko azken neurketa izango da. 63. neurketa, hain zuzen ere. Horrenbeste partidaren ostean buruak edo hankek sufritzen dute gehiago?

Bai burua, eta bai hankak ere pisutsu daude. Hori bai, jakin badakigu azken 90 edo 120 minutuak direla. Horrek indar handia ematen digu.

Teoria guztien kontra funtzionatzen du Marcelo Bielsak. Entrenatzaileak ez daki zer den nekea. Aste honetako lan saio gehienak luzeak eta gogorrak izan dira.

Denboraldi osoan egin duguna gogorarazteko baliatu du astea entrenatzaileak. Gutxi falta zaigu oporretara joateko, baina hori egin aurretik asko daukagula jokoan nabarmendu gura izan digu azken egunotan.

Galdu ala irabazi, denboraldi honetan egin duzuen lanak leku berezia izango du Athleticen historian. Baina denboraldia borobiltzeko titulu bat falta zaizue. Pastelari ginga jartzea izango litzateke.

Nik uste dut merezi dugula ginga hori jartzea. Merituak egin ditugu bi finaletako bat irabazteko. Garaipen barik, kontuan hartzeko denboraldia izango litzateke, baina zer edo zer irabazteak berezia egingo luke sasoia.

Eta zer egin behar da Bartzelona mendean hartzeko?

Baloia kendu behar diogu. Baloia guk izan behar dugu. Badakigu zer egin jokoari geuk ekiten diogunean.

Athletic Athletic izatea ere garrantzitsua izango da. Bukaresten ez zenuten maila eman.

Ez izan dudarik. Athletic lehiakorra ikusteko gozatu egin behar dugu zelaian.

Bartzelonak jokalari garrantzitsuak ditu min hartuta defentsan. Eric Abidalek, Carles Puyolek eta Dani Alvesek ezin izango dute jokatu. Lau titularretik hiruk, alegia. Aprobetxatu daitekeen kontua da hori.

Ordezkoak oso onak izango dira, baina hasieratik aritzen direnak eurak badira zerbaitegatik izango da. Ahal bada aprobetxatu egingo dugu.

Biharko finalean gertatzen dena gertatzen dela, zuretzat sasoi ahaztezina izango da. Lehen Mailako jokalaria zarela erakutsi duzun denboraldia izan baita.

Niretzat ikaragarria izan da. Athleticen jokatzea ohorea da, baina aurreko sasoi biak oso gogorrak izan ziren. Denboraldi hau, aldiz, ahaztezina izan da.

Zure postuan Espainiako Ligako onena izendatu zaituzte. Hamaikakorik onena osatzeko aukeratu zaituzte.

Pozgarria da. Egindako lan guztia eskertzeko era bat izan daiteke. Taldeari lagundu diodala erakusten du sari horrek.

Kopako finala jokatu eta opor txiki batzuk hartu ostean Londresko Olinpiar Jokoei edo Ukraina eta Poloniako Eurokopari begira jarri behar al duzu?

Orain ez nago horretan pentsatzen, baina bietako bat jokatzeko aukera eskaintzen baldin badidate, zalantzarik ez izan, gustuz hartuko dut aukera. Halere, orain finala besterik ez dut buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.