Athletic Manchesterren dago jada, biharko partida jokatzeko prest

Llorente: «Faboritoa Manchester United da, baina guk ilusioa gainezka daukagu, eta irabazteko gai gara»

Athleticeko jokalariak, atzo, Loiuko aireportuan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
2012ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Athletic Manchesterren dago jada, urteko lehiarik garrantzitsuenetako bati aurre egiteko prest. Europako Ligako final-zortzirenetako joanekoa jokatuko du bihar Old Trafforden, Manchester United talde mitikoaren aurka, eta jokalari zuri-gorriak kanporaketa gainditzeko baikor dira. Fernando Llorente, esaterako: «Faborito haiek dira, baina gu ilusioz gainezka gaude, eta kontra egiteko ez ezik, irabazteko ere gai gara». Irabazteko giltzetako bat hankak lurrean edukitzea dela gogorarazi zuen errioxarrak.

Ikusmin handia piztu zuen atzo Athleticek Loiuko aireportuan. Jende asko bertaratu zen, jokalariei animoak emateko asmoz, eta ametsen antzokian ere ez dute laguntzarik faltako: «Mirestekoa da daukagun babesa. Beste inon ez dut ezagutu halakorik. Orain guri tokatzen zaigu haiei ongi erantzutea», zioen Llorentek. Zortzi mila jarraitzaile zuri-gorri izango dira han.

San Mamesera bizirik itzultzeko ohiko jokoa egin behar dutela esan zuen: «Denboraldi honetan jokatzen ari garen bezala aurre egin behar diogu aurkariari. Hori bai, ezin dugu hutsik egin; bestela, garesti aterako zaigu». Gol bat sartzea ederra litzatekeela aitortu zuen: «Neuretzat, garrantzitsua litzateke, baina taldearentzat, garrantzitsuagoa. Etxetik kanpo gol bat sartzea beti da ona».

Amorebieta gabe

Zenbakiei begiratuta, Manchester United ez dabil beti bezain fin, Txapeldunen Ligan ere ezin izan baitu aurrera egin. Dena den, talde ona daukatela adierazi zuen Ander Iturraspek: «Argi dago haien maila oso ona dela. Gu berriak gara honetan, baina horrek ilusio berezia eragiten du, eta hori baliatuko dugu». Abadiñokoa hasierako hamaikakora itzuliko da.

Amorebietak ez du jokatuko, aurreko partidan txartel gorria atera ziotelako. San Josek ordezkatuko du. Datorren osteguneko itzulirako, bestalde, gaurtik egongo dira salgai sarrerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.