REALA 1-2 ATHLETIC

Athletic nagusi derbian

1-2 irabazi diote zuri-gorriek Realari, eta sailkapeneko lehen postua berreskuratu dute.

Eunatek faltaz egin du Athleticen bigarren gola. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
jon olano
2016ko maiatzaren 15a
14:19
Entzun

Espainiako Ligako 26. jardunaldian aurrez aurre aritu dira Reala eta Athletic Zubietan jokatutako partidan, eta urrezko hiru puntu eskuratu dituzte bilbotarrek. Lehen minutuetan eginiko bi goli esker jarri da aurretik, eta Realak gol baten bidez aldea murriztu duen arren, garaipenari eutsi dio Athleticek.

Txuri-urdinak baino indartsuago zelairatu dira zuri-gorriak, eta hirugarren minuturako egin du lehen gola Yulema Corresek. Cristina Cornejo atezainaren aurrean bakarrik gelditu da, eta lehen saiakeran Cornejo nagusi izan bada ere, bigarrenean baloia sareratu du Corresek. Hiru minutu geroago, hegaletik Eunatek jaurtitako falta ezin izan du gelditu Cornejok. 

0-2koarekin joan dira taldeak atsedenaldira. Bestelakoa izan da partida bigarren zatian, ordea; aurrera egin du Realak, eta 79. minutuan lortu du Sandra Ramajok 1-2koaren gola, buruz. Reala hamar jokalarirekin gelditu da 82. minutuan Itxaso Uriartek txartel gorria ikusi eta gero, baina izan du hala ere berdinketaren gola egiteko aukerarik; luzapenean Nahikari Garciak izan du aukera garbiena, baina atezainak gelditu du baloia.

Hiru puntuak lortuta, lehen postuan da berriro Athletic, 69 punturekin eta Bartzelonak baino bat gehiagorekin. Realak, berriz, laugarren postuan jarraitzen du 52 punturekin. Datorren astean, Realak Bartzelonaren zelaian jokatuko du, eta Athleticek derbia izango du berriro ere; Oiartzunekin, Lezaman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.