Ez da erabaki erraza izan, Martinezek aitortu duenez. "Pozik" eta "lasai" agertu da, ordea, Athleticen azken fitxaketa. Haren esanetan, aspaldian hartu duen "erabakirik onena" hartu du talde zuri-gorriaren eskaintza onartuta.
Egun gutxitan gauzatu da fitxaketa. Martinezek azaldu du Vila-realen partidaren ostean izan zuela Athleticen interesaren berri, eta klubak agertu dion interesak bultzatu duela erabakia hartzera.
Atzelari ondarroarra jakitun da Reala utzita bere talde ohiko zale askok ez dutela begi onez ikusiko Athleticera joatea. Zale horiei esker ona adierazi nahi izan die "garai onetan eta ez hain onetan" jaso duen babesarengatik. Taldekideei ere eskertu die orain arteko laguntza.
Inoiz Athleticengatik fitxatuko ote zuen galdetuta, 2014an egin zituen adierazpenak ekarri dizkiote gogora kazetariek Martinezi. Urte horretan esan zuen ez zela sekula pasatuko "beste aldera". Jokalariak ez dio ihes egin galderari, eta erantzun du orduan hala pentsatzen zuela. "Ez dut uste damutu behar dudanik". Iritziak aldatu egin direla gaineratu du Martinezek, eta orduan gaztea zela nabarmendu du.
Martinezek Athleticen bere mailarik onena emateko asmoa agertu du. Haren iritziz, "indarra" eta "nortasuna" txertatu dezake taldean, eta ekarpen hori egiten saiatuko da.
Urrutiak eskertu egin dio Martinezi Athleticen eskaintza onartzeko erabakia. "Badakigu Athletic desberdin sentitzen dela, eta eskertzen diogu pauso hau eman izana", adierazi du.
Athleticek 32 milioi euroko etete klausula ordaindu dio Realari, Martinez talde zuri-gorriko jokalari bihurtzeko. Athelticek sekula egin duen fitxaketarik garestiena da.
Manchester City taldera joan berri den Aymeric Laportek utzitako 4 zenbakia eramango du soinean Martinezek.