Futbola

Athleticek Eduardo Berizzo kendu du kargutik

Gaizka Garitanok ordezkatuko du entrenatzaile argentinarra. Talde zuri-gorria jaitsiera postuetan da Espainiako Ligan, eta hamahiru partida daramatza irabazi gabe.

Berizzo, Huescaren aurkako Kopako partidan. MONIKA DEL VALLE, FOKU
2018ko abenduaren 4a
07:39
Entzun

Gutxi iraun du Eduardo Berizzoren aldiak Athleticen, urte erdi eskas. Denbora hori joan da klubak iragarri zuenetik entrenatzaile argentinarrak ordezkatuko zuela Jose Angel Ziganda, eta taldearen emaitza txarren ondorioz, kudeaketa batzordeak kargutik kendu duen arte. Baina egoera oso larria da. Izan ere, Espainiako Lehen Mailako aurreneko hamalau jardunaldiak jokatuta, hemezortzigarren postuan da Athletic, hots, jaitsiera postuetan da. 11 puntu besterik ez ditu batu hamalau jardunalditan. Hiru puntura du aurretik duen lehen taldea, Vila-real, hamazazpigarren postuan, hamalau punturekin.

Oso estatistika eskasak lortu ditu Athleticek denboraldia hasi zenetik. Ligan, hamalau partida jokatu ditu: bakarra irabazi du, zortzi berdindu eta bost galdu. Abuztuaren 20an, ligako estreinako partidan, San Mamesen Leganesen aurka lortutakoa da Ligan eskuratu duen garaipen bakarra. Ordutik hamahiru jardunaldi joan dira, eta zuri-gorriak ez dira gai izan berriro irabazteko. Espainiako Kopan, aldiz, irabazi egin dute jokatu duten partida bakarra, joan den asteazkenean, San Mamesen, Huescaren aurka: 4-0. Bazirudien garaipen horrek suspertzeko balio zezakeela, baina ez da hala izan. Athleticek oso itxura eskasa eman zuen atzo Valentzian (Herrialde Katalanak), eta astindua jaso zuen: 3-0. Jota zen Berizzo partida amaieran. Dimisioa emateko aukera ere aipatu zuen. Azkenean ez du berak dimisioa eman, klubak kendu du kargutik. 

Gaizka Garitanok (Derio, Bizkaia, 1975) ordezkatuko du Berizzo. 2017ko udatik Athletic B entrenatzen ari zen Garitano. Eibar, Valladolid eta Deportivo zuzendu zituen aurretik. Jokalari gisa, Athleticen harrobian hazi zen, baina partida bakarra jokatu zuen lehen taldearekin. Lleidan, Eibarren, Ourensen, Realean eta Alavesen jokatu zuen ondoren. Garitanok bihar zuzenduko du lehen entrenamendua, Lezaman. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.