Egun borobila izan da gaurkoa Espainiako Lehen Mailako euskal taldeentzat. Biek irabazi dute: Athleticek 2-1 Mallorcari eta Osasunak 1-0 Getaferi. Talde zuri-gorriak ia ziurtatu du Lehen Mailan jarraitzea. Gorritxoek, berriz, aurrerapausoa eman dute mailari eusteko, lau puntura baitituzte jaitsiera postuak liga amaitzeko hiru jardunaldi falta direla.
Bi partidak tentsio handikoak izan dira. San Mamesen, Adurizek eta Llorentek sartutako golek eman diote garaipena Athletici. Sadarren, berriz, Arribasen gol batek eman dio arnasa Osasunari.