Mallorcak eta Athleticek morboaren norgehiagoka jokatuko dute gaur Iberostar futbol zelaian (20:00). Begirada guztiak aulkietara joango dira. Alde batean, Mallorcaren aulkira, Athleticen iragana egongo delako: Joaquin Caparros. Beste aldean, berriz, oraina: Marcelo Bielsa. Bi teknikari eta, era berean, futbola ulertzeko bi era. Euren taldeak, baina, ez daude hain urrun sailkapenean.
Athleticek Mallorcak baino lau puntu gehiago batu ditu bakarrik. Beraz, bi taldeen arteko aldea ez dela handia pentsatzen duenari ezingo zaio arrazoia kendu. Baina Athleticen helburuak bestelakoak direla defendatzen duenak ere badu nondik heldu. Gaur dauka Athleticek hori hala dela erakusteko aukera ona. Orain arte ikusitakoaren arabera, Bielsaren taldeak arrisku handiagoa dauka etxetik kanpo Katedralean baino. Horrek zerikusi zuzena dauka aurkariek izaten duten jarrerarekin. San Mamesen talde asko atzean sartzen diren bitartean, maila beretsuko taldeak behartuta egoten dira euren etxean gehiago arriskatzera. Eta egoera horretan moldatzen da ondo talde zuri-gorria.
Lehoiek puntu asko irabazi dituzte azken bi hilabeteetan, baina ez da ahaztu behar denboraldia duela hiru hilabete hasi zela. Eta ibilbideko lehen urratsak gogorrak izan zirela. Hortaz, sei onenen artean egoteko lehian sartzeko puntuak hirunaka pilatu behar ditu. Sevilla seigarren sailkatua lau puntura dauka, eta seira Malaga bosgarrena. Beraz, emaitzek laguntzen ez duten jardunaldi txar batek helburutik urrun utzi dezake taldea.
Llorente ez da sartu deialdian
Aurkariak egin dezakeenaz gain, nekea izan daiteke zuri-gorrien buruko min nagusia. Norgehiagoka asko ari dira jokatzen, eta partida guztietan hamaikakoa beretsua da. Ondorioz, arazoak dituzte, Iraolak, De Marcosek eta Javi Martinezek, besteak beste. Baina jokatzeko moduan daudenez, hamaikakoan jarraitzen dute. Ez da Fernando Llorenteren kasua, belauneko arazo fisikoek amore ematera behartu dute, eta deialditik kanpo gelditu da. Ander Herrerak, ordea, jokatuko du. Azken egunak gastroenteritisa jota pasatu ditu, baina garaiz osatu da.
Athleticek etxean galdutakoa Mallorcan irabazi gura du gaur
Joaquin Caparrosek lehen aldiz neurtuko ditu indarrak Athleticen kontra taldea utzi zuenetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu