Athleticek ia atseden hartu barik egingo dio aurre Vila-reali

Zuri-gorrientzat zelai gaiztoa da Madrigal, azken zazpi bisitetan galdu egin baitute, baina oso larri dabil aurkaria

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Bai Athleticen eta bai Vila-realen,asko aldatu dira gauzak azken hilabeteotan. Azken hamarkadan, ohikoa izan da urpekari horia zuri-gorrien aurretik ikustea. Punta-puntan aritu da Vila-real. Baina Mediterraneo inguruan ere gogor jo du krisiak. Orain arte, baldosa bat altxatzea nahikoa zen merkatuan zeuden jokalari interesgarrienen arreta bereganatzeko; baina agortu egin da baldosen azpian zegoen dirua, eta horrek apalago jokatzera behartu ditu Madrigalgo agintariak. Izarrak saldu —Cazorla—, eta maila apalagoko jokalari onak fitxatu behar izan dituzte, Camuñas eta De Guzman tartean.

Krisi ekonomikoaren eragina gutxi ez, eta izar nagusia denboraldi guztirako galdu zuen, sasoiaren lehen txanpan. Rossi, alegia. Krisi ekonomikoaren eta zorte txarraren batuketak emaitzen krisia ekartzen du, gehienetan. Hori gertatu zaio Vila-reali. Eta ahaztuta zeukan egoerara itzuli da: amildegi ertzera. Lehen Mailako talde gehienek dakite zenbat kostatzen den zulotik irtetea. Eta, batez ere, beste helburu batzuk dituzten taldeek sufritzen dute gehien, ez baitaude ohituta ezinaren eraginpean jokatzera.

Bada, egun, jaitsierako postuetatik gertuen dago Vila-real. Athletic, berriz, Molinak entrenatzen duen taldeak espero zuen lekuan dago: Europako postuetan. Azken denboraldiotako argazkia iraulita dagoela esan daiteke. Hala ere, ezin da ahaztu, sailkapenean alde handia egon arren, puntuei dagokienez zazpiren aldea baino ez dagoela bi taldeen artean. Biek dute puntu premia, baina benetako beharra etxeko taldeak dauka.

Ez da gauza bera onenen artean jarraitzeko puntuak irabazteko jokatzea eta mailari eusteko beharrezkoak izan daitezkeen puntuak eskuratzeko lan egitea. Ikusi egin beharko da nork lortzen duen saria; presiopean jokatzeak eragiten duen grinarekin eta tentsioarekin jokatzen duen taldeak, edo haizea alde izateak ematen duen konfiantzarekin eta lasaitasunarekin jokatzen duenak.

De Marcos eta Muniain gabe

Estatistikak ez daude Athleticen alde: zuri-gorriek galdu egin dute Madrigalera joan diren azken zazpi aldietan. Bistan da lehoientzat Lehen Mailako zelairik zailenetakoa dela. «Bolada txarra amaitzeko, erritmo biziz jokatu eta aurkariari baloia kentzen ahalegindu behar dugu», esan du aste honetan Mikel San Josek. Nekea izan daiteke Athleticen arazo nagusietako bat. Atseden hartzeko denborarik ez izatea da denboraldi arrakastatsuen alde txar bakarra —zuri-gorriek ostegun gauean jokatu zuten—. Ezin, beraz, goi mailako neurketa batek eskatzen duen freskotasunarekin egon.

Bielsak esperozuen arazo hori. Horregatik, ligako azken neurketan, bosgarren txartel horia behartzeko agindua jaso zuten De Marcosek eta Muniainek. Madrigalgo neurketaren ostean bi euskal derbiak eta Manchesterren kontrako lehiak datozela kontuan hartuta, garai aproposa dirudi bi jokalari gazteek indarrak har ditzaten. Halaber, Amorebietak min hartu zuen Lokomotiven kontra, eta erdiko atzelaria ere deialditik kanpo geratu da. Hortaz, iraultza txiki bat egin beharko du argentinarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.