Bat joan, eta beste bat etorri. Aymeric Laportek atzo utzi zuen Athletic, Manchester Cityra joateko. 65 milioi pasatxo jaso ditu talde zuri-gorriak erdiko atzelariarengatik. Bada, kopuru horren ia erdia erabili du Iñigo Martinez fitxatzeko, 32 milioi euro. Bost urterako kontratua izango du atzelariak Athleticekin, 2023 arte, eta 80 euroko etete klausula. 19:00etan aurkeztuko dute San Mamesen. Atzelariak eskutitz bat idatzi du Realeko zaleak agurtzeko. "Agurrak ez dira errazak izaten, are gutxiago egoera honetan. Niretzat erronka berri bat hasten da, baina lasai noa. Realeko elastikoa jantzi dudan bakoitzean dena eman dudalako. Beti eramango zaituzten nirekin".
Laporte Ingalaterrara joango zela jakin bezain laster atera zen Iñigo Martinezen izena. Ez da harritzekoa, Athleticen filosofia kontuan hartuta hura baitzen aukerarik aproposena. Gainera, ez da talde zuri-gorriak atzelari ondarroarra fitxatzeko interesa azaldu duen lehen aldia. Ez eta Iñigo Martinez taldetik ia kanpo egon den aurreneko aldia ere. Iazko udan, Bartzelonara joateko zorian egon zen, baina Bartzelonak atzera egin zuen azkenean, eta jokalaria Donostian geratu zen.
Iñigo Martinez joatea kolpea izan da Realarentzat. Batetik, funtsezko jokalaria zelako taldean. Hala izan da 2011-12ko sasoian Philippe Montanierren aginduetara debuta egin zuenetik. 230 partida baino gehiago jokatu ditu ordutik, eta hamasei gol sartu ditu. Bestetik, albistea unerik txarrenean datorrelako, krisian baita Reala: hamabosgarren postuan da sailkapenean, eta gero eta gertuago ditu jaitsiera postuak.
Reala jada hasi da ordezko bat topatzeko lanean. Bi izen azaldu dira: Portoko Diego Reyes eta Mario Hermoso Espanyolekoa.
Hauek dira Realetik Athleticera joandako azken jokalariak
Gorka Elustondo (2015)
Iñigo Diaz de Zerio (2009)
Xabi Castillo (2009)
Mikel Balentziaga (2008)
Igor Gabilondo (2006)
Iban Zubiaurre (2005)
Andoni Imaz (1998)
Joseba Etxeberria (1995)
Bittor Alkiza (1994)
David Billabona (1990)
Lorenzo Juarros, ‘Loren’ (1989)
Lutxo Iturrino (1989)