Athleticek denboraldiko garairik gozoenak bizitzen ari da. Espainiako Koparako sailkatu ondoren, 1-0 irabazi dio Real Madrili. Hirugarren garaipena du jarraian ligan, eta jaitsiera postuekiko hamabi puntuko aldea du jardunaldiko beste emaitzen zain. Beste hainbestera dauzka Europarako sailkatzekoak.
Athleticek partida bikaina egin du. Zaleek gozatua hartu zuten. Ahalegin fisiko handia egin du eta horri esker irabazi du. Horri, eta Aritz Adurizek sarturiko gol bikainari esker (27. min). Ricok bikain erdiratu eta aurrelariak buruz bidali baloia sareetara Peperi jauzian irabaziz. Golak Real Madril piztu du, baina Athleticek ondo kontrolatu du partida atsedenaldira arte.
Bigarren zatian Real Madrilek gora egin du. Liga irabazteko lehian sartuta dago eta galtzea atzerapauso handia da. Athletic estutu du, eta Iraizozen atea setiatu, baina etxekoek ondo eutsi diote. Are gehiago, azken txanpan Adurizek baloi bat zutoinera bidali eta guzti egin du. Gero Cristiano Ronaldo izan da ateko egurrekin topo egin duena. Athleticeko jokalari guztiek bikain jokatu dute, baina nabarmentzekoa da Iñaki Williams gazteak aldatu dutenean jaso duen txalo zaparrada.