futbola

Athleticek ozta-ozta irabazi du etxean

0-1 eta 1-2 atzetik joan arren, De Marcosek eta Llorentek irauli dute partida, amaieran

unai zubeldia
2009ko abuztuaren 21a
11:09
Entzun
Derrigorrean hotz egin beharra dauka ipar zirkulu polarretik 300 kilometro eskasera. Atzo arratsaldean zazpi gradu besterik ez zeuden Tromso hirian, eta datorren asterako zazpi bat gradu gutxiago espero dituzte. Hala diote aurreikuspenek. Eta Athleticeko jokalariek atzo San Mamesen eskaini zuten ikuskizunak are gehiago hoztu zuen inguruko giroa. Lehen zatiko ikuskizunak, batez ere. Europako Ligako taldekako fasean jokatzeko pauso bakarra falta zaio Athletici, eta, itxura batean, pauso hori emateko moduko aurkaria zeukan atzo parean, Norvegiako Tromso taldea -zortzigarren daude Norvegiako ligan, eta Kopa txapelketatik kanpo geratu berri dira-. Egia da itzuliko partida falta dela oraindik, eta Young Boysen aurka etxetik kanpo irauli zuela kanporaketa. Eta egia da partida aztertuta 3-2koa emaitza ona dela. Baina Tromsok atzo erakutsi zuen talde osoa dela. Izar askorik gabea, baina ona. Athletici lanak emateko modukoa.

Oso talde gaztea zelairatu zuen Joaquin Caparrosek, 24 urteko batez bestekoa zeukana, baina are gazteagoa zen zelai erditik aurrera. Muniain (16 urte) eta Susaeta (20) hegaletan, eta Llorente (24) eta De Marcos (20) aurrean. Eta bi euskarrietako bat ere oso gaztea: Javi Martinez (20) -Yestek jokatu zuen bere ondoan (29 urte)-. Ausardia nahi zuen Caparrosek, erasoko jokoa, baloia, eta partida hasieran, neurri batean, lortu zuen. Lasaitasunez eta ondo mugitu zuen baloia Athleticek lehen ordu laurdenean, baina sakontasun handirik gabe. 9. minutuan eduki zuen lehen aukera Javi Martinezek, baloia lapurtu eta urrutitik egindako jaurtiketa baten bidez. Baina Athleticen eraso erakustaldia baino gehiago, zuri-gorrien baloi jabetza zen nabarmena. %64ko baloi jabetza zeukaten zuri-gorriek lehen 15. minutuetan.

De Marcosek eta Muniainek bizitasuna eskaini diote Athleticen aurrealdeari, eta hegaletako bi atzelariek ere -Castillok eta Iraolak- laguntza onak eman zizkieten atzo erasoan. Baina azken pasean huts egin zuten, behin eta berriz, bilbotarrek. Ordurako erakutsi zuen Moldskredek zer egiteko gai den. Aurrelari bizia da, Rushfeldt beteranoarekin primeran moldatzen dena, eta atzo ere erakutsi zuen bere kalitatea. 22. minutuan bi korner atera zituen Tromsok jarraian, eta 25.ean iritsi ziren kanpotarren bi aukerarik onenak. Ociok huts egin zuen baloi luze batean, eta kontrol ona egin ondoren, Moldskredek gutxigatik ez zuen baloia barrura bidali -Ociok bidali zuen kornerrera-. Hain zuzen ere, korner horretan, aldaratzean, jaurtiketa bikaina egin zuen Knarvikek. Oso geldiketa ona eginda saihestu zuen atezainak 0-1ekoa.

Norvegiarrak estutzen ari zirela ikusita, pauso bat aurrera egin eta gol aukera ona izan zuen Muniainek, Llorenteren pasea baliatuta, 28. minutuan. Baina Ramovic atezainak urrundu zuen Muniainek ezkerrez egindako jaurtiketa. Euskarri bikote sendoa daukate norvegiarrek -Jensen eta Knarvik-, eta ondo kontrolatu zuten zelai erdia. Kontrol lana ondo baliatu zuen Moldskredek, bere abiadurari esker. 37. minutuan jokaldi ona egin zuen, eta 42.ean sartu zuen gola, urrutitik egindako jaurtiketarekin. Euskarriek eta atzelariek ez zuten estutu.

Bigarren gola ere, oso urrutitik

0-1 amaitu zen lehen zatia, eta zirt edo zart egiteko asmoz zelairatu zen Athletic bigarren zatian. Ocioren beste huts batekin hasi zen bigarren zatia, eta zaleak haserretu zituen jokaldi horrek. Baina Muniainen abiadurak eta trebeziak eta Javi Martinezen lanak San Mames piztea lortu zuten. 61. minutuan penalti argia egin zioten Javi Martinezi, eta berak lortu zuen 1-1ekoa -Athleticen dagoenetik jaurti duen lehen penaltia da-. Horiek izan ziren Athleticen minuturik onenak, zelairatzearekin batera, bi aukera argi eduki baitzituen Toquerok.

Baina, lehen zatian gertatu bezala, Athleticeko euskarriek eta atzelariek areara inguratzen utzi zioten Lindpereri, eta, urrutitik, gol ona sartu zuen. 1-2koa. Kolpe gogorra izan zen hori Athleticeko jokalarientzat. Baina altxa ziren. De Marcosek gol ikusgarria sartu zuen area ertzetik 86. minutuan, eta Llorentek are ikusgarriagoa 90.ean. 3-2koa. Jokoa aztertuta, gehiegi merezi gabeko emaitza. Baina garaipena. Hala ere, atzoko Tromso aztertuta, hotz egingo du Norvegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.