Modurik mingarrienean. Jaso daitekeen kolperik handiena jasota. Ia dena ondo eginda, baina, beste behin, ia-ian geratuta. Athleticek estu hartu zuen atzo Bartzelona Espainiako Kopako finalean. Luzapenean jaso zuen gola, 94. minutuan; eta luzapenean berdindu zuen finala, 98.ean. Iritsi ziren penaltiak, eta zuri-gorriak sinesten hasi ziren baietz, behingoz iritsiko zela garaipen preziatua. Baina ezin. Irene Paredesek —finaleko jokalari onentsuenak— huts egin zuen bigarren penaltia, eta akabo. 4-5. Orain bi urte bezala, negarrez etxera.
Errespetutik beldurrerako pauso arriskutsu horretan zalantzan, zelaian oso ondo kokatuta, baina erasoan batere minik egin gabe ekin zion Athleticek finalari. Bartzelonak irabazi du liga azken hiru denboraldietan, eta kopan ere kataluniarrak nagusitu ziren aurreko sasoian. Horrek eraginda erabaki zuen, ziurrenik, Juan Luis Fuentes Athleticeko entrenatzaileak partida gogortzea; teknikari arlo fisikoa gehitzea. Erikak aurrean presio ona eginda, eta atzeko bi lerroak elkarrengana gerturatuta, atzean itxoin zioten zuri-gorriek aurkariari.
Eta nahikoa txukun lortu zuten lehen helburua: Bartzelonaren jokoa ezerezean uztea. 8. minutuan sortu zuten kataluniarrek lehen jokaldi ona, Correderak eskuin hegaletik erdiratu eta Iraia eta Ainhoa elkarri ulertu ezinik geratu zirenean. Estu eta larri, kornerrera bidali zuen baloia atzelariak. 25. minutuan, berriz, urrutitik atera zuen falta Bartzelonak, eta Torrejonek kanpora bidali zuen errematea, buruz. Kito. Ligako txapeldunak bi arrisku jokaldi horiek bakarrik sortu zituen lehen 45 minutuetan.
Hori bai, egin beharra zeukan Athleticek arrisku jokaldiren bat, eman beharra zeukan abisuren bat. Eta 39. minutuan iritsi zen zuri-gorrien lehen jokaldi landu hori: Irene Paredesek atzealdetik baloi luzea bidali, Erikak Arrateri utzi, erdilariak Nekaneri sakon eman, eta, Bartzelonako atzelariek, estu eta larri, kornerrera bidali zuten baloia. Abisu horrekin eta Leireren lesioarekin amaitu zen lehen zatia, 0-0ekoarekin.
Eta erabat bestelako oldarkotasunarekin zelairatu zen Athletic bigarren zatian, eta goleko bi aukera argi sortu zituen 55. minuturako. Irene Muruak egin zuen lehen errematea, eta Irene Paredesek bigarrena. Bietan ondo erantzun zuen Rafolsek. 64. minutuan iritsi zen, ordea, aukerarik argiena, korner batean. Motzean atera zuen Athleticek, eta jaurtiketa bikaina egin zuen Flavianok. Rafolsek berak eta langak bidali zuten baloia kornerrera.
Eromena luzapenean
Osoago zeuden bilbotarrak, baina, golik sartu ezinik, luzapeneko tentsiora iritsi zen finala. Jokalariak larri, nekea ageri-agerian... Horrelakoetan erraza izaten da hutsak pilatzea, eta Iraiak egin zuen herren pixka bat 94. minutuan. Jennik kontrolatu zuen baloia area ertzean, Athleticeko atzelariak ez zuen ondo defendatu jokaldia, eta, ezkerrez, sareetara bidali zuen baloia Bartzelonako aurrelariak. Kolpea. Ustez. Lau minutu geroago finala berdindu zuelako Nekanek. 1-1ekoarekin, penaltiak opari denboraldiko azken partidan. Arantzaz betetako opari. Tamalez.