Athleticek Valentziari irabazi behar dio, Europara begiratzeko

Zuri-gorrien garaipenak jokoan jarriko luke orain Emeryren taldeak duen postua, hirugarrena

Athleticeko hiru jokalari David Lopez estutzen, entrenamendu batean. ARP.
haritz gallastegi
Bilbo
2012ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Sarrerak amaitu egin dira Athleticek eta Valentziak San Mamesen jokatuko duten neurketa ikusteko. Bi talde horien arteko lehiak Espainiako Ligako klasikoen artean daude. Izen handiko talde bi dira. Beti sortzen du ikusmina Bilbon Valentziaren bisitak, baina sekula ez Katedraleko sarrerak amaitzeraino. Bada, kontua da ostiraletik ez dagoela Athleticen eta Valentziaren artekoa ikusteko aukerarik. Bada zerbait. Arrazoi asko daude Bielsaren eta Emeryren taldeen arteko lehiak sortu duen ikusmina azal dezaketenak, baina arrazoi horiek guztiak berba batekin bil daitezke: ilusioa. Athleticen inguruan nabari dena, hain zuzen ere. Orain ez dago zaleen berotasuna epelduko duen ezer. Urte hasieratik neurketa bi ari da jokatzen asteko Athletic, eta ez du huts egiten, ez Ligan, ez Kopan, ez Europan.

Llorente gabe

Bistan da denboraldiaren lehenbi heren ikusgarri egin dituela talde zuri-gorriak. Baina orain arte egindako lana borobiltzea falta da. Ligan, lau onenen artean sailkatzea izango litzateke arrakasta lortzea. Txapeldunen Ligan sartzea, alegia. Bada, horretarako erabakigarria izango da hurrengo bi jardunaldietan egingo duen lana, aurkari zuzen biren kontra lehiatuko baita. Datorren asteazkenean Atletico Madril biziberritua bisitatu beharko du. Horren aurretik, gaur, Valentzia hartuko du. Asko balio duen norgehiagoka bat da. Valentziak irabaziz gero, hirugarren postua sendotzeaz gain, Athletic oso atzean utziko luke; berdinketak ere bisitariari egingo lioke mesede. Bi taldeen artean zazpi punturen aldea dago; baina Athleticek irabaziz gero, laugarren postura gerturatzeko aukera izateaz gain, duela gutxira arte Valentziak ziur ikusten zuen hirugarren postua ere jokoan jarriko luke.

Bielsak ezin izango ditu zelairatu Toquero eta Amorebieta, txartelak tarteko zigortuta daudelako, eta ezta Llorente ere. Aldakako arazoetatik ez da garaiz sendatu eta ezin izan da deialdian sartu. Entrenatzaileak aurrelari berri bat bilatu beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.