Zurrumurru ozena zena baieztatu du Athleticek: Yuri Berchiche ezker hegaleko atzelaria fitxatu du. Jokalari berriak 2022ko ekainera arteko akordioa sinatu du, eta 100 milioi euroko etete klausula izango du. Ostiralean aurkeztuko dute, lehen taldea astelehenean hasiko baita entrenatzen.
L’Equipe Frantziako kirol egunkariak zabaldu duenez, Athleticek 23 eta 25 milioi euro artean ordaindu dio Paris Saint Germaini jokalariaren truke. Berchichek 28 urte ditu, eta bere lehen taldera itzuliko da. 2005-2007ko urteetan Lezaman trebatu zen, Ingalaterrara joan ondoren. Handik Euskal Herrira itzuli zen, eta, Eibarren bi sasoi handi egin ondoren, Realean aritu zen duela bi denboraldi. Handik Unai Emeryren deia jaso zuen PSGra joateko, 13 milioi euroren truke, eta urte bakarra iraun du.
Berchicheren fitxatuta, Athleticek ondo baino hobeto du estalia ezker hegaleko atzelariaren postua, hiru baititu. Iritsi berriak ez ezik, Mikel Balentziagak eta Christian Ganeak ere postu horretan jokatzen dute.