FUTBOLA

Athleticen bolada onak ez du etenik (2-1)

Talde zuri-gorriak bosgarren partida irabazi du jarraian, San Mamesen, Almeriaren aurka. Garaipenari esker, bost puntura du orain zazpigarren postuan. 

Muniain, Rico eta Beñat, Athleticen bigarren gola ospatzen. MONIKA DEL VALLE, ARGAZKI PRESS
Julen Etxeberria.
2015eko martxoaren 22a
13:03
Entzun

Ernesto Valverdek entrenatutako taldeak bete-betean jarraitzen du zazpigarren posturako lehian, are gehiago Malagak gaur Vallecasen 1-0 galdu ostean. Bost puntu daude orain bi taldeen artean, sei gol-aldea kontuan hartuta —Malagaren aldekoa da—, eta hamar partida jokatzeko, 30 puntu jokoan. Beraz, badago denbora helburua lortzeko. Lasterketa horretan, gainera, esprintean ari da Athletic. Azken hiru jardunaldietan sei puntu kendu dizkio Malagari.

Almeria izan da zuri-gorriek jarraian makurrarazi duten bosgarren arerioa. Nagusitasunez egin du. Espainiako taldeak denborarik ere ez du izan etxeko taldea estu hartzeko, norgehiagoka hasi eta hamar minutura Etxeitak korner batean buruz gola sartu baitu. Ordu laurden geroago, berriz, Mikel Rico izan da Julian Cuestaren atea zulatu duena, bikain, baloia ederki loratuz. Bat baino gehiago kezkatuta zegoen San Jose eta Aduriz gabe taldeak ez ote zituen komeriak pasako golak sartzeko. Kezkak, ordea, ordu erdi eskas iraun du.

Bi gol sartu ditu Athleticek, baina lasai-lasai sar zitzakeen ere lauzpabost, lehen zatian hamaika aukera izan baititu. Almeriak bakar bat ere ez du izan garbia. Bere gola ere jokalari zuri-gorri batek sartu du, Balentziagak, hain zuzen, bigarren zatiaren hasieran. Gol hori, hala ere, ez da nahikoa izan San Mamesen beldurra zabaltzeko, hain zen argia etxekoen nagusitasuna.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.