"Europako futbol klub onenen artean modako hitza globala da [...]. Hala ere, Espainia iparraldeko Euskal Herrian, bada klub bat —Espainiako zortzi liga eta 23 kopa dituena, txapelketa kontinentaletan ohikoa dena eta lehen mailatik sekula jaitsi ez dena— handitzeko interes eskasa duena". Horrela hasten da The New York Times Ameriketako Estatu Batuetako egunkariak Athletici eskaini dion erreportaje mardula.
Soilik bertako jokalariekin jokatzeari erreparatu dio kazetak, eta Europako klub boteretsuenen filosofiarekin kontrajartzen du talde zuri-gorria: "Manchester United, Real Madril edo Paris St. Germain bezalako taldeek mundu osoa arakatzen dute jokalari bila, eta milioiak ordaintzen dituzte izar handienak berenganatzeko; bitartean, Athleticen politika —duela mende batetik gora— sinplea izan da: ez bazara hemengoa, ezin duzu hemen jokatu".
Josu Urrutia Athleticeko presidentearekin hitz egin du egunkariak: "Guretzat, errespetu guztiarekin, gainerako taldeek fotokopiak dirudite".