«Sinesgaitza izan da, nire lasterketarik onena». Berak ere bazekien. Usain Bolt jamaikarrak gizonezkoen 100 metroko finala irabazi zuen herenegun. Irabazi eta erlojua lehertu. 9,69 segundoan zegoen bere aurreko marka, eta 9,58ra jaitsi zuen. «Historiako momentu handietako bat da gaurkoa». 100 metroak 9,58 segundotan egiten dituen atletak herren egiten duela esatea larri samarra bada ere, Boltek irteeran eduki du orain arte okerra. Kosta egiten zaio takoak atzean utzi eta denbora bera kolokan jartzen duen gihar masa hori mugimenduan jartzea. Baina Pekingo Olinpiar Jokoez geroztik entrenamendu gogorrak egin ditu irteera hobetzeko. Eta herenegun hori ere ondo egin zuen. 20. metrorako lasterketa buruan zen jamaikarra, Tyson Gayren (AEB) aurretik.
Finalaren hasieran 146 ehuneneko behar izan zituen Boltek takoetatik irteteko, erreakzionatzeko, Gayk baino bi ehuneneko gehiago, eta Asafa Powellek (Jamaika) baino hamabi gehiago. Baina hiru hanka pauso ematerako lasterketa buruan zen historiako atletarik azkarrena. 2,89 segundo behar izan zituen lehen 20 metroak egiteko, eta ordurako hiru ehunenekora zeukan Gay, eta bira Powell; 40 metro eginda sei ehunenekora Gay, eta zazpira Powell; 60. metroan zortzira Gay, eta 11ra Powell; helmugara iristeko 20 metro falta zirenean hamarrera Gay, eta 18ra Powelll... Eta orduantxe begiratu zuen jamaikarrak eskuinera, bosgarren kalera. Badaezpada ere. Gay non zegoen ikusi nahi zuen. Baina ikusi ere ez zuen egin ia-ia.
Kronometroari begira bete zituen azken hogei metroak Boltek. Ikusgarria izan zen marka, emandako nagusitasun itxura, eta ateratako aldea. Hamahiru ehuneneko atera zizkion Gayri -AEBetako marka ondu zuen (9,71)-, 26 ehuneneko Powelli, 35 Daniel Bailey (Antigua eta Barbuda) eta Richard Thompsoni (Trinidad eta Tobago)... Baina azkarrago ere hegan egin dezake. Eta egingo du. Berak esan du: «9,40 segundotan egin ditzaket 100 metroak». Abisua besterik ez da. Lehen urrea kolkoratu du, eta dagoeneko zain dauka 200 metrokoa. Bolt-Gay. Horixe izango da bigarren lehia. Etzi. 20:35ean.
ATLETISMOA. MUNDUKO TXAPELKETA BERLINEN. Hiru segundo, hiru pauso
Usain Bolt jamaikarrak 100 metroko munduko marka ondu zuen herenegun (9,58), eta lehen hiru segundoak igarotzerako ia erabakita utzi zuen proba; 20 metroko partzial guztiak irabazi zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu