Aizkora

Atutxak hirugarren aldiz jantzi du aizkorako txapela

Joseba Otaegik amaitu ditu Euskadiko txapeleta nagusiko lanak bigarren eta Mikel Larrañagak hirugarren. Vicentek laugarren postuan amaitu du, Atutxarekin batera irabazle izateko hautagaia bazen ere.

2016ko urriaren 23a
19:27
Entzun

Aurreikuspen guztien arabera, Atutxaren eta Vicenteren artean zegoen txapela. Aurrenarekin asmatu dute, baina bigarrenarekin ez. Ezustekoa izan da hark laugarren postuan amaitzea. Izan ere, aurten hiru aldiz lehiatu dira Vicente eta Atutxa buruz buru, eta, hiruretan, gazteak gaina hartu dio Atutxari. Gainera, sailkatze fasean ere bera izan zen aurrena. Gaur baina, bestela izan dira gauzak. Eta, argi gelditu denez, gaur egun Atutxak dio neurria hartua hobekien finaleko lanari —lau kana-erdiko, sei ontxako lau enbor eta lau oinbiko—

Atutxa zen, hain justu, aurretik Euskadiko txapeleta nagusiko finalean egonda zegoen txapeldun ohi bakarra. Izan ere, gaur agerian gelditu da aizkorara iritsitako belaunaldi aldaketa. 

Duela urte batzuk ezinezkoa zirudien trantsizioak, eta orain ia kolpetik iritsi da. Finalean aritu diren sei aizkolarietatik lauk 30 urte baino gutxiago dituzte, eta bakarrak 40 baino gehiago. Hori, baina, ez da belaunaldi aldaketaren zantzu estatistiko bakarra. Sei finalistetatik birentzat lehen finala da, eta Mikel Larrañagarentzat, bigarrena. 

Belaunaldi aldaketa horren ikur agerikoena da Iker Vicente. 19 urterekin, inoiz finalean parte hartu duen aizkolaririk gazteena da. Miel Mindegiak zuen aurreko marka, 20 urterekin. Urte bikaina egin du Vicentek: Nafarroako txapela eta Urrezko Aizkora irabazi ditu. 

Vicentek haize freskoa ekarri du, duela sei urte Atutxa II.ak egin bezala. Azken bi urteetako txapeldunak 21 urterekin dastatu zuen finala aurreneko aldiz. Urtez urte haziz joan da.

Koxka bat beherago, gaur ezustekoa emateko hautagaien artean, Larrañaga zen aurrena. Egungo Gipuzkoako txapelduna da, eta iaz bosgarren izan zen finalean. Aurten, baina, hirugarren izan zen sailkapen fasean. Atzerago ageri dira Joseba Otaegi eta Juanjo Lopez Azpilikueta. Otaegik seigarren finala du, eta nerbioak ondo trebatuak ditu apustuetan. Lopez Azpilikueta, berriz, seikoteko beteranoena da, eta aurreko belaunaldiko azken alea. Azkenik, Ugaitz Mugertzak lehen finala du, eta seigarren denborarekin sailkatu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.