Laguna Secako (AEB) barrutian korritutako ezohiko proba atzean utzita, Munduko Motoziklismo Txapelketa Europara itzuliko da aste bukaera honetan. Hartara, Erresuma Batuko Sari Nagusia jokatuko da, bihar, Donington Parkeko barrutian. Zalantzarik gabe, gidari ausartentzako zirkuitua da Donington Parkekoa. Inguru guztian dituen zuhaitzek ukitu bukolikoa ematen diote. Halere, tranpa ugari gordetzen ditu, hain trebeak ez diren gidarien kalterako.
Horregatik, uneoro adi egotea komeni da. Hala rasante aldaketak nola bihurgune itsuak ugari dira. Horrek ez dio gidariari pentsatzen uzten eta askotan senaren arabera gidatzen da. Bi puntu jakinetan handitzen dira aldeak Donington Parken. Aurrenekoa helmugako zuzengunearen ondoren dago. Gidariek, hainbat bihurgune lotzen dituen jaitsiera piko bati aurre egiten diote, eta aldeak dezente handitzen dira. Bestetik, barrutiak hiru galgatze bortitz ditu helmugara iristeko metro gutxiren faltan. Aurreratzeak egiteko egokiak dira horiek.Eta horretaz ari garela, Doningtonen korritu nuen azkenaurreko lasterketan gertatutako bizpahiru kontu ekarri ditut gogora. Izan ere, 1994an oso ondo ibili nintzen aipatutako barrutian eta asko lagundu nion Kazuto Sakata japoniarrari, berak 125 cc.-etako txapelketa irabaz zezan.Baina beno, gaur egungo egoerara bueltatuko naiz. Moto GPko mailan, hazita dagoen Nicky Hyden nabarmendu behar dut, bere etxean maisuki aritu ondoren. Bere herrikide Colin Edwardsekin batera, biharko lasterketa bizitu dezaketen bi gidariak izan daitezke. Izan ere, beren gidatzeko modu ausartarekin eta bereziarekin estu hartu dezakete Valentino Rossi. Marco Melandri osatuta badago, irabazteko hautagaien zerrenda dezente zabal daiteke.Beste bi mailak, bestalde, Erresuma Batuan bueltatuko dira lasterketetara, arrazoi komertzialengatik AEBetan ez baitzuten korritu. 250 cc.-etan ezer gutxi dago esateko. Lorenzo, Dovizioso, De Angelis eta Porto, Pedrosaren diktadurapean ari dira. Halere, saiatzen jarraitu beharra daukate. 125 cc.-etan, berriz, Espainiako gidariak ondo molda daitezke Donington Parken. Adi, beraz, Faubel, Nieto eta, batez ere, Alvaro Bautistarekin.
ATZEKO ESERLEKUAN. Barruti arriskutsua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu