ATZEKO ESERLEKUAN. Igandeetan jai egiten duen zirkuitu mitikoa

Herri Torrontegi.
2005eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Erraza da esatea Assengo zirkuitua zer den Munduko Motoziklismo Txapelketaren barruan. Gaurko lasterketarekin, 56 izango dira han jokatuko diren sari nagusiak; hori esatea nahiko da Assenek duen garrantziaz jabetzeko. Motoekiko zaletasun horri esker, Katedrala goitizena irabazi du Assenek. Zirkuitu esanguratsua da, eta mundu guztian soilik moto lasterketak jokatzen diren bakarra. Larunbatez korritzen den proba bakarra ere bada, igandea Herbehereetan jaiegun erlijiosoa delako.

Bere historian zehar zenbait aldaketa izan ditu, eta pixkanaka-pixkanaka luzean gaur egungo sei kilometroetara iritsi arte moztu dute. Egin dizkioten aldaketa guztiak ikuskizunaren eta abiaduraren mesedetan egin dituzte, eta gaur egun txapelketako zirkuitu azkarrena da, Philip Island (Australia) eta Montmeloren (Katalunia) aurretik. Azkartasun hori, hein batean, bata bestearen atzetik lotzen diren bihurguneek zeharka duten maldari esker lortzen da.Labur esateko, Assengo zirkuitua (motoziklismoaren sehaskatzat jotzen da) oso zorrotza da eta ez du hutsik egiteko aukerarik ematen. Lehen aldian gaizki biratuz gero, itzuli osoan ez du gidariak bihurguneen ibilbide egokia berreskuratzen. Horregatik guztiagatik aurrera egiteko joera duten gidarientzat da aproposa Assen.

Valentino Rossi ahalguztidunari ez zaio ezaugarri hori falta. Atzo pole-a kendu zion Gibernauri sailkapen saioko azken istantean. MotoGPn (gustuko izan edo ez) irabazteko apustu bat baino gehiago ezin da egin: The Doctor-ena. Italiarra oso ongi aritzen da Assenen, eta parte hartu duen zortzi aldietatik, zazpitan podiumera igo da eta lautan irabazi du. Rossiri aurre egiteko, txapelketa hasi zenetik Melandrirengan dut konfiantza. 250 cc.-etan ere txapelketa argi dago. Pedrosa da nagusi, eta gaur, faborito. Porto eta Lorenzo ere ezin dira baztertu; azken horrek, Pedrosak bezala, tulipen herrialdean irabazi zuen lehen lasterketa. 125 cc.-etan Kallioren abiadurak eta ausardiak aukera gutxi uzten dizkiete aurkariei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.