Atzelariak jomugan

Athleticek eta Osasunak sasoiko bigarren derbia jokatuko dute gaur San Mamesen

haritz gallastegi
Asier Legarda-. Ereño. Bilbo Iruñea
2010eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Astebetean derbi bi jokatu beharko ditu Athleticek. Astebete barru Anoetara egin beharko du bisita. Baina, aurrez, Osasunak jokatuko du gaur San Mamesen. Sailkapenari erreparatuz gero, azken sasoietako derbirik parekatuena espero da. Athleticek puntu bateko abantaila dauka, baina bi taldeak daude eroso sailkapenaren erdialdean. Hala ere, jakinekoa da gisa horretako norgehiagoketan ez duela aparteko garrantzirik izaten taldeen egoerak. Jakinekoa da derbi gehienak parekatuak eta borrokatuak izaten direla eta gogo biziz jokatzen direla. Ez dira distira handiko neurketak izaten. Eta lehia gehienak xehetasun txikiek erabakitzen dituzte. «Antzeko maila duten talde bi egongo dira aurrez aurre. Beraz, ondo egin beharko ditugu gauzak. Kontzentratuago aritzen denak eta gehien asmatzen duenak irabaziko du», adierazi zuen atzo Joaquin Caparrosek.

Jakinekoa da futbol partida batean gutxien espero dena gerta daitekeela. Horregatik da ezinbestekoa neurketa arretaz prestatzea. Baina bi taldeek sasoi honetan egin duten bidea aztertuz gero, badirudi defentsan gehien asmatzen duenak gertu izango duela garaipena. Athleticen argi dago atea zaintzean sortzen direla arazoak. Malagak bakarrik jaso ditu Caparrosek zuzentzen duen taldeak baino gol gehiago. Jokalariek arlo pertsonalean zein talde gisa erakutsi duten maila eskasa izan da arazoa. Eta hori aprobetxatu egin dute zuri-gorrien kontra jokatu duten taldeek. Osasunak ere helburu bera izango du. Beraz, Caparrosek asmatu egin beharko du bai jokalariak aukeratzean, bai horiek kokatzerakoan. Talde sendoa izateko ezinbestekoa baita oreka lortzea.

Athletic arduratuta dago Iraizozen atea zaintzeko dituen arazoekin. Eta pentsatzekoa da Osasunak ere antzeko kezka izango duela. Nafarren kasuan, Fernando Llorentek sortuko du egoneza. Athleticeko aurrelaria sasoi betean dago. Azken denboraldiotan taldeko erreferentzia nagusi bihurtu da. Haren inguruan antolatzen du talde zuri-gorriak erasoko joko guztia. Baina, orain, bere ohiko lanari gola gehitu dio aurrelariak. Asmatzen ari da ate aurrean. Horrenbestez, aurkari guztiek arreta berezia ematen diote haren zaintzari. Osasunak Llorente ezerezean lagatzea lortzen badu, partida irabazteko aukera gehiago izango du. «Defentsan sendotasun gehien erakusten duen taldeak gertu izango du garaipena. Guk badakigu arlo horretan hobetzen badugu askoz ere puntu gehiago irabaziko ditugula», esan zuen atzo teknikari zuri-gorriak.

Athleticen indarra erasoan dago. Talde zuri-gorriak erraztasuna dauka aukerak sortzeko eta golak egiteko. Talde eraginkorra da. Hala ere, ez da ez zuzena ezta komenigarria ere ardura guztia Llorenteri ematea. Gainontzeko futbolariek ere lagundu beharra daukate. Orain arte Gabilondo da erasoko jokalarien artean gol sena erakusten ari den bakarra. Susaetak, Muniainek, Toquerok eta Igor Martinezek ez dute golik egin. Hori ere ez da normala. Gehiago eskatu behar zaie.

Bestalde, Caparrosek esan arren jokalarien artean ez duela aparteko «motibaziorik» nabaritu, elastiko zuri-gorria janzten duten futbolari gehienentzat neurketa motibagarria da. Zer esanik ez bere sasoian Osasunan jokatu zutenentzat. Eta astean gertatutakoaren ostean, baita sekula talde gorritxoan jokatu ez duen Iker Muniainentzat ere. Osasuna «maitatzeko» arrazoirik ez zuela esan zuen. Berez, ez zuen ezer larririk esan. Baina jakinekoa da sentimenduek horrenbeste garrantzia duten kirol batean ondo pentsatu behar dela zer esaten den. Hurrengorako ikasiko du. Gaur, hori bai, bai alde bateko eta bai besteko zaleek ere lupaz aztertuko dute haren lana. Jokatzen baldin badu, noski. Gabilondo ari baitaiteke ezker hegalean.

Aldaketak Iruñeko taldean

Osasunak, berriz, etxetik kanpoko bolada negargarriari amaiera eman nahi dio, eta Jose Antonio Camachok hasierako hamaikakoa garbi erakutsi ez badu ere, badirudi etxetik at zerbait aldatu beharra dagoela barneratu duela jada entrenatzaileak. Atzo goizeko entrenamenduan bi proba egin zituen Caparrosek. Lehendabizikoan, bi aurrelari petorekin probatu zuen, Dejan Lekic eta Walter Pandianirekin -Puñal eta Juanfranen tokian Vadocz eta Camuñas ere jarri zituen-. Baina entrenamendua amaitu aurretik, Puñal eta Juanfran euren ohiko postuetan kokatzeaz gain, bi aurrelarien ordez Soriano eta Camuñas erdilariak jarri zituen erasoan. «Camuñas aurrean jarrita, abiadura irabaz dezakegu», esan zuen Camachok, prentsa aretoan, gaurko partidarako zein hamaikakoren alde egingo duen zehaztu gabe. Azken proba hobetsiz gero, 4-3-3ko bat ere jar dezake Camachok San Mamesen hasieratik, Masud, Juanfran eta Camuñasen abiadura baliatzeko asmoz.

Hori hala izanez gero, Osasunak behingoz etxetik kanpo kontraerasora joka dezakeela dirudi, baina Camachok ez dio argibiderik eman nahi Caparrosi: «Beti bezala jokatuko dugu, jokoaren ekimena hartu eta agintzeko asmoz. Eurek baino lehenago gola sartzea da asmoa, nahiz eta badakigun Athletic oso talde sendoa dela bere zelaian eta lehendabiziko minututik indartsu zelairatuko dela», esan zuen Osasunako entrenatzaileak. Camacho Osasunako entrenatzaile denetik gorritxoek Katedralera egin hiru bisitetan (bitan Ligan eta behin Kopan), Athleticek lehen ordu erdia bete aurretik erabakita zeuzkan lehiak, eta, hain zuzen ere, horixe da entrenatzaile espainiarraren kezka nagusia gaurko partidarako: «Lehen ordu laurdenak gauza asko erabaki ditzake; Athleticek beti aurre hartu izan du markagailuan azken norgehiagoketan, eta hori saihestu nahi dugu. Okerrik ez egiten ahalegindu behar dugu, eta sortutako gol aukerak baliatzen asmatzea da gakoa etxetik kanpo. Golak agintzen du futbolean, eta nire jokalariak abisatuta daude, badakite zer aurkituko duten San Mamesen».

Derbia izanik, Osasunako jokalariak motibazioz gainezka zelairatuko direla argi dago, baina Camachok ez zion horri garrantzirik eman: «Partida guztiak motibazio handiarekin jokatzea eskatuko nieke jokalariei, ez zenbait partida soilik».

Muniainek Osasunaz eginiko adierazpenen inguruan ere mintzatu zen Camacho. Athleticeko jokalariari erantzukizuna kendu eta kazetarien galderen araberako erantzunak izango zirela esan zuen lehendabizi, baina bera Murtziakoa dela eta bere herriko taldea sailkapenean ahal bezain ondoen ikustea gustatzen zaiola esan zuen gero. Eta Murtziakoa izanagatik, ez dago ahazterik Camachok inoiz ez zuela jokatu Murtzian, gazte mailan Albaceterekin aritu ostean, Real Madrilen egin baitzuen bere kirol ibilbide osoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.