Txirrindularitza

Atzetik aurrera, Marcel Kittel

Erorikoa izan da azken hiru kilometroetan sartuta, eta Marcel Kittelek hirugarren garaipena eskuratu du, esprint arraro eta nahasi batean Mark Cavendishi gurpil erdia aterata.

unai zubeldia
2013ko uztailaren 11
17:11
Entzun

Hirugarrena ere bai. Ez Mark Cavendish (Omega), ez Andre Greipel (Lotto), eta ez Peter Sagan (Cannondale). Marcel Kittel (Argos) da aurtengo Tourreko txirrindularirik azkarrena. Erorikoa izan da Tourreko 12. etapan, azken hiru kilometroetan sartuta, eta horrek nahasi egin du esprinta. Omegak txukun prestatu dio esprinta Cavendishi, baina, atzetik aurrera eginda, azken unean gurpil erdi baten aldea atera dio Kittelek Man uhartekoari. Sagan helmugaratu da bi horien atzetik.

Azken esprinta baino lehen, etapa hastearekin batera, bost txirrindulari joan dira ihesean: Romain Sicard (Euskaltel-Euskadi), Francesco Gavazzi (Astana), Manuele Mori (Lampre), Juan Antoni Flecha (Vacansoleil) eta Anthony Delaplace (Sojasun). Bederatzi minututik gorako aldea ere izan du boskoteak, baina, gehienetan bezala, tropelak irabazi du lehia. Sicard geratu da lehenengo atzean, helmugara iristeko 52 kilometro falta zirenean, eta helmugarako sei kilometro faltan geratu da, azkenean, ezerezean aurrekoen ahalegina, Flechak etsi duenean. Tours eta Saint Amand Montrond artean, Tourreko 13. etapa jokatuko da bihar, 173 kilometrokoa. Esprinterako egokia da biharko etapa ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.