ACB Ligako hiru euskal taldeek aukerako norgehiagokak izango dituzte gaur, garaipen kopurua handitzeko. Bilbo Basket izanen da jokatzen lehena, eguerdian (ETB 1). Valladoliden aurka jokatuko dute bizkaitarrek, Real Madrilen aurkako azken minutu txarrak ahaztu, eta hirugarren garaipena lortzeko asmoz. Ondo ari da Katsikarisen taldea, zortzi onenen artean sartuta, eta gaur jatorrizko talde osoarekin ariko da lehen aldiz. Martin Rancikek eta Josh Fischerrek taldea utzi dute, dagoeneko, ordezkatu zituzten Javi Rodriguez eta Axel Hervelle osatu baitira dagoeneko.
Erritmo falta handi samarra dutela onartu dute biek ala biek, eta aste batzuk beharko dituztela taldekideen martxa bera hartzeko, baina ona da behin betiko taldea izango dena elkarrekin jokatzen hastea. Rodriguez eneta Hervelleren ekarpen apala espero da Valladoliden, eta Vasileiadisek, Jacksonek, Mumbruk, Banicek, Blumsek eta enparauek hartu beharko dute erantzukizuna. Adi Valladolidekin, 9. postuan egon arren Bilbo Basketen balantze bera duelako: 2-1. Etxean Estudiantes hartu zuten mendean eroso, eta kanpoan Manresari irabazi zioten justu samar: 72-76.
Lagun Arok ere hirugarrengozirabaz dezake, eta etxeko zaleen epelean jokatuko du Estudiantesen aurka (18:00). Garrantzi handia duen norgehiagoka da, liga pattal hasi ostean, 0-3 balantzearekin baitaude Madrilgoak. Lagun Arok garaipen alde handia ireki dezake zuloan luze egon daitekeen taldearen aurka. Lasoren taldeak bi partida jokatuko ditu jarraian etxean, Estudiantes eta Valladolid, eta biak irabaziz gero, jaitsiera postuak atzean utziko lituzke hilabete pare batean.
Estudiantesek jokatutako hiru partidak galdu ditu, baina itxura ona eman du hiruretan. Lagun Aroko Pablo Laso entrenatzailea ez da fio, eta Estudiantesek, Carlos Suarez galdu arren, joan den sasoian baino talde osoagoa duela esan du atarikoan. Espainiarrek erasoko errebotean duten indarra nabarmendu du gasteiztarrak, Lagun Arok komeri gehien duen arloa, hain zuzen ere.
Granada, plaza zaila
Baskoniak dauka, hiruren artean, norgehiagoka zailena. Granadak ere gaizki ekin dio ligari, eta lehen hiru partidak galdu, baina etxean oso talde lehiakorra da, eta Bartzelona ahaltsuak komeria franko izan zuen joan den jardunaldian han garaipena lortzeko. Baskoniak apenas izan duen astirik partida prestatzeko, 48 ordu eskas pasatu baitira ostegun iluntzean Maccabiren aurka jokatu zuenetik. Behin Euroliga hasita, ordea, astero bi partida jokatuko dira hilabete askotan, eta ohitu beste erremediorik ez dago.
Granadak jokalari sorta ona dauka. Joe Ingles hegalekoa ligako onenetakoa izan da lehen hiru jardunaldietan, baina oso maila txukuna ematen ari dira Coby Karl, Rob Kurz eta Iaroslav Korolev ere. Gianella joko antolatzaileak urteak daramatza Granadan, eta haren gidaritza zapuzteko helburua eduki behar dute Huertasek, Ribasek eta Olesonek. Martin Rancikek ere debuta egingo du ligan Baskoniarekin. Euroligaren tamainakoa bada, gertu izango dute garaipena arabarrek.
Aukera ona hiru taldeentzat
Valladolid-Bilbo Basket partida jokatuko da eguerdian; arratsaldean, Granada-Baskonia eta Lagun Aro-Estudiantes
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu