Astea joan eta astea etorri, gauza bera errepikatzen da Eibarren inguruan: Bigarren B Mailara ez jaisteko zenbat aukera dauzkan. Duela hilabete eta erdi, asko ziren, baina orain, oso-oso gutxi. Hamar partida direlako alerik irabazi gabe. Zuloan da taldea, eta salbazioa 11 puntura dauka. 21 gelditzen dira jokoan. Matematika hutsa eginez, gerta daiteke ez jaistea, baina fededun handienek ere lanak dituzte hori gerta daitekeela sinesten. Baina aukerak asko edo gutxi izan, Eibarrek ezin du duintasuna galdu, eta Liga amaitu bitartean, duin jokatu behar du.
Gaur du hori erakusteko aukera. Hercules etorriko zaio Ipuruara. Aurkari gaiztoa da, igoera postuetatik puntu bakarrera dagoelako. Eibarren beste muturrean dabil, eta gaur helburu bakarra lortu nahi du: irabaztea. Hortaz, oso aldarte ezberdinean dauden bi talde neurtuko dira. Baina egoerak egoera, Josu Uriberen taldeak hortzak erakutsi behar dizkio Herrialde Katalanetakoari. Duintasunaren izenean, eta sasoi honetan atsekabez atsekabe dabiltzan zaleei poz txikia emateko. Uribek garbi dauka zer egin behar duten irabazteko: «Ni hemen nagoenetik etxean jokatu dugun bezala jokatu behar dugu. Ausartak izatea eta hutsik ez egitea ezinbestekoa izango da». Hori eginda ere, lanak; aurkariak ere beste horrenbeste egingo duelako. Herculesekoen aurrealdeatentuz zaindu beharko dute, Bigarren Mailan gol gehien sartu duen taldea baita: 65.
EIBAR-HERCULES
Eibar. Zigor; Rekarte, Añibarro, Urzelai, Raul Garcia; Alaña, Insa; Codina, Beltran, Sutil; eta Arruabarrena.
Hercules. Calatayud; Ruz, Cesar, Sergio Fernandez, Dani Bautista; Farinos, Abel Aguilar; Tote, Ruben Navarro, Fernando Sales; eta Taborda.
Epailea. Ceballos Silva.
Lekua. Ipurua futbol zelaia (5.200 ikusle).
Ordua. 18:30ean (ETB 1).
Aukerak eduki edo ez, duintasunez amaitu behar du Liga Eibarrek
Oso egoera ezberdinean neurtuko dira gaur Ipuruan etxekoak eta Hercules: bat zuloan da, eta bestea igo nahian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu