Caja Laboralek aurkari erosoa hartuko du gaur, ACB ligako 30. jardunaldian. Erosoa, ustez, arabarren martxa gorabeheratsua delako, eta Murtzia sasoi onean dagoelako. Oscar Quintanak entrenatzen duen taldea zuloan zegoen orain dela hilabete, eta meritu handiko garaipenak lortuta atera da handik. Azkeneko bi jardunaldiak izan dira onenak, Lagun Aro eta Unicaja menderatu baititu, hurrenez hurren: Lagun Aro, Donostian; Malagako taldea, haren etxean, gaur zortzi.
Baskoniak ia ezinezko du bigarren postua lortzea, baina lanean jarraitu behar du matematikek kontrakoa esan arte. Ivanovicen taldea ondo ari da etxean, eta, horregatik, faborito argia da. Beste kontu bat da etxetik kanpoko partidetako jarduna, trakets samarra. Baskoniak Bartzelona liderraren aurka jokatuko du hurrengo ostegunean: bide kaskar hori zuzentzeko plaza aproposa bezain gaiztoa.
Hutsune garrantzitsuak izanen dituzte bi taldeek. Caja Laborali dagokionez, San Emeteriok hobera egin du, baina, hasiera batean, ez dago kantxaratzeko moduan. Lesio mingarria da pubalgia, eta, gaitza sendatzeko tratamendua eragina izaten ari bada ere, pixkanaka-pixkanaka osatzen ari da. Arriskatzeak lesioa larritzea ekar lezake, eta, ondo bidean, Baskoniak irabazteko arazorik ez badu, San Emeterio aulkian geratuko da.
Murtziari ere faltako zaio jokalari garrantzitsu bat: Quincy Douby jaurtitzailea. Sabeleko arazoak ditu estatubatuarrak, birus baten ondorioz, eta atseden hartu beharko du hiruzpalau egunez. Douby izan da, hain zuzen ere, Murtziaren arrakastaren gakoetako bat, baina ez bakarra. James Augustine, Ime Udoka eta beste ere ondo ari dira, eta, dauden egoeran egonda, garesti salduko dute porrota arratsaldean.
Aurkari erosoa du, ustez, Caja Laboralek: Murtzia
Zalantzazkoa da San Emeteriok jokatuko ote duen, eta Murtziak ere hutsune garrantzitsu bat du: Quincy Douby
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu