Urriaren 11n hasiko da Euroliga. Hiru hilabete falta dira, hiru hilabete aurkariak aztertzen hasteko. Asko egitear badaude ere. Caja Laboral Baskoniak badaki ze aurkari izanen dituen ligaxkan, eta atariko analisian, ezin esan lasai geratu denik. Talde indartsuak egokitu baitzaizkio C multzoan. Arabarrak bigarren ontzian zeuden, eta jakina zen lehen ontziko talde indartsuren bat egokituko zitzaiola. Jarduneko txapelduna izan da hori, Olympiakos.
Itxuraz, beste ontzietako aurkariek samurragoak izan behar zuten izan, baina ez da hala gertatu. Hirugarren ontzian Khimki aberatsa, Alba Berlin, Partizan Belgrad eta Istanbulgo Efes Pilsen zeuden, eta azken talde hori egokitu zaio. Laugarren ontzian aldeko izan zuen zortea Dusko Ivanovicen taldeak, Zalgiris Kaunasek Fenerbahce, Unicaja eta Lyetuvos baino apalagoa baitirudi. Ezustekoa, txarrerako, bosgarren ontziak ekarri zuen. Alemaniako Brose Basket, Esloveniako Union Olimpija, Poloniako Asseco Prokom, eta Emporio Armani Milan, Europako aberats berria. Azken talde horri egokitu zaio Baskoniari, eta horrek zailtasuna handitzen du, eta asko. Seigarren ontziko zozketak Kroaziako Cedevita Zagreb parekatu zuen Baskoniarekin.
Ligaxkan multzo bakoitzeko lau onenak pasako dira Top16ra, eta Baskoniak hobe du tentuz jardutea. Fresko dago oraindik pasa den sasoian gertatutakoa, ligaxkan kanpoan geratu izana, eta egoera errepikatzea gogorra litzateke. Olympiakos, Milan eta Efes Pilsen dira C multzoko talde indartsuenak, Baskoniarekin batera. Zalgiris eta Cedevita Zagreb dira bidean geratzeko hautagaiak, baina aurreikuspenak haizeak eramaten ditu.
Bi multzo Top16an
2012-2013 denboraldiko Euroligak bi aldaketa garrantzitsu izango ditu. Lehena Top 16an bi multzo bakarrik egingo dira, zortzi taldekoak, eta ez lau, orain arte bezala. Partida egunekin du zerikusia bigarren aldaketak, partidak ostegun eta ostiralean jokatuko direlako.
Aurkari zailak egokitu zaizkio Baskoniari Euroligako lehen ligaxkan
Olympiakos, Efes Pilsen, Milan, Zalgiris eta Cedevita Zagreb izango dituzte kontrario gasteiztarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu