Gonzalez 11
Urrutikoetxea 22
Iraupena. 46 minutu.
Pilotakadak. Izenena, Izena, Izena.
Saketik. Gonzalezek alerik ere ez; Urrutikoetxeak bost.
Pasak. Urrutikoetxeak bi.
Markagailua. 0-4, 1-4, 1-6, 4-6, 4-8, 6-8, 6-10, 7-10, 7-11, 8-11, 8-12, 9-12, 9-18, 10-18, 10-21, 11-21 eta 11-22.
Bestelakoak. Sarrera polita Tolosan, 700 ikusle inguru. Apustuak Gonzalezen alde irten ziren 100-60ri
Sebastian Gonzalezek bere burua lau t'erdiko txapelketatik kanporatu zuen atzo Tolosan. Gordina dirudi hala azaltzea, eta Mikel Urrutikoetxeari meritua kentzearen arriskua du, baina Azkainekoak aspaldiko partida ilunena jokatu zuen. Estatistika adierazgarria da: hamabi huts egin zituen jokoan, asko opariak, eta bueltatzeko moduko bost tanto jaso zituen saketik. Guztira, hamazazpi tantoren zama. Urrutikoetxeak, bere aldetik, zentzuz jokatu zuen partidaren erdialdetik aurrera, eta merezita irabazi zuen. Ostiralean, Bengoetxea VI.aren aurka ariko da, Balmasedan.
Saketik lortu zituen lehen bi tantoak Urrutikoetxeak, eta berehala ireki zuen tartea Gonzalezen lehen hutsei esker (1-6). Iragan astean gaixo egon zen, eta ez zegoen sasoi betean. Halere, apurka partidan sartu zen, pilotakada onak jotzeaz bat, eta aldea murriztu zuen (6-8). Faboritoa urduri zegoen, baina iparra aurkitu zuela zirudien. Partida hasiera kaskarra izan zen, Gonzalezen hutsek Urrutikoetxea kutsatu zutelako. 9-12korako, bizkaitarrak bost huts eginak zituen. Oreka zen zaleen kontsolamendua. Emozioa bazegoen behintzat.
Gonzalezek kirioak lasaituko zituela eta bere oldarraldia iritsiko zela zioen logikak. Baina ez, are gehiago okertu zen (9-18). Piloteo gehienak dominatu arren, esku-eskura izandako tantoetan pilota txapara edo kanpora bidali zuen. Erabat ernegatu zen, hiru atseden jarraian eskatzeraino. Urrutikoetxea, berriz, hotz mantendu zen. Hasiera okerra zuzendu, eta botera jokatu zuen. Nabarmentzekoa da gazteak ezker gantxoa ondo erabili izana tantoa bukatzeko garaian. Asko landu du jokaldi hori entrenamenduetan, eta fruituak ikusten dira.
2. Mailako bi txapeldun
Iker Arretxek eta Aitor Mendizabalek lau t'erdiko txapelketako lehen faseko azken partida jokatuko dute gaur, Eibarren (17:00, ETB1). Biak ala biak 2. Mailako lau t'erdiko txapela jantzitakoak dira—Arretxek 2005ean eta Mendizabalek iaz— eta ez dute inoiz elkarren aurka jokatu. Irabazleak Titin III.a aurka jokatuko du heldu den astean.
Aurkaria norbera denean
Gonzalezek oso partida txarra jokatu du, eta Urrutikoetxeak zentzuz aritzea nahikoa izan du aurrera egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu