Aurkaria urduriago dago

Final bat balitz bezala prestatu du Zaragozak Osasunaren aurkako partida, Ligan zein UEFAn gaizki hasi ostean

2007ko irailaren 23a
00:00
Entzun


Final bat balitz bezala prestatu du Zaragozak Osasunaren aurkako partida, Ligan zein UEFAn gaizki hasi ostean
asier legarda-ereño

Iruñea

«Zaragozan asko espero da, eta, agian horregatik, dagoeneko presioa nabaritzen hasi dira. Osasunaren aurkako partida final bat dela ere esan dute jada Zaragozan, nola edo hala irabazi nahi digute, eta ez da partida erraza izango, baina ahal izanez gero, irabazten ahaleginduko gara. Txapeldunen Ligan sartu nahi duten zazpi edo zortzi talde daude Ligan, eta Zaragoza haietako bat da. Horregatik ari zaizkie egurra ematen», adierazi zuen atzo Jose Angel Zigandak. Osasunako entrenatzaileak ondo azaldu zuen Zaragozan zer aurki dezaketen. Ligako lehen hiru jardunaldietan bi partida berdindu eta bat galdu ostean, Zaragozan urduritzen hasi dira. Are gehiago ostegunean UEFA Kopako estreinakoan Salonikako Arisen aurka 1-0 galdu ostean. Aspaldian Zaragozak izan duen talderik indartsuena osatu dute Victor Fernandezentzat teorian. Ayala, Luccin, Aimar, Matuzalem, D'Alessandro, Diego Milito, Oliveira eta halako jokalariak dituztela aintzat hartuta, borroka nagusietarako prest daudela dirudi. Baina gaizki hasi dira, eta krisi hotsak ere hedatu dira Zaragozan. Liga hasi besterik ez da egin, baina egun emaitzen diktadura pairatzen du futbolak, eta Osasunak gaur Romaredan irabazten badu, krisia agerikoa izango da jada.

Osasuna lasaiago iritsiko da gaurko neurketara -partida bat gutxiago jokatuta, Zaragozak adina puntu dituzte gorritxoek: bi-. Zigandak ez du lasaitasunik nahi, ordea. «Partida bat gutxiagorekin Zaragozak adina puntu dugunez, badirudi gu lasaiago zelairatuko garela, baina ez da halakorik izango. 0-0ekoa ere ez dut ontzat ematen. Nire taldea ezagutzen duenak badaki ez garela inoiz berdinketaren bila zelairatzen. Ez da erraza izango, bainaahal badugu, irabazten ahaleginduko gara. Zaragozari baloia kentzea ez da samurra, baina gure armak baditugu eta min egiten saiatuko gara».



HAMAIKAKOA, EZKUTUAN. Zigandak ez du hasierako hamaikakoaren inguruko argibiderik eman. Dena dela, helburua argi dauka: «Atzealdeko ordenari eutsi behar diogu, eta bide batez aurrealdean aurkariei min handiagoa egin behar diegu», esan zuen atzo. Horrexegatik, atzealdean ez da aldaketarik espero. Ricardo osatu da amigdalitisa gainditu ostean, eta atezainaz gain, lau atzelariak eta bi euskarriak Bartzelonaren aurka aritu ziren berberak izango dira. Aurrealdean, ordea, aldaketa bakarren bat izango dela dirudi.



MIGUEL FLAÑOOsasunako jokalaria

«Zaragoza sailkapeneko goialdean izango da sasoi amaieran»

A. legarda-ereño

Iruñea

Miguel Flaño pozik dago. Inoiz ez zuen hasi denboraldi bat hasierako hamaikakoan Osasunaren lehen taldean dagoenetik, eta oraingoz Zigandak berari eman dio Cuellarren hutsunea betetzeko ardura. Denboraldiko lehen garaipena lortu nahi du Flañok Zaragozan.

Zaragozara zoazte, eta Romareda ez da zelai erraza bisitarientzat.

Ez, zelai zaila da, eta partida zaila izango da ondorioz, orain arte jokatu ditugun beste bien antzekoa. Zaragoza puntu beharrean dago, gainera, eta gogotsu zelairatuko dira. Halere, guk ere badugu puntu premia, eta norgehiagoka orekatua izango dela uste dut.

Atzelaria zara zu; ateari hutsean eustearekin konformatzen al zara?

Partida irabazi nahi dugu, eta, horretarako, gola sartzea ezinbestekoa da, baina golik ez jasotzeak ere asko erraztu dezake helburua. Denboraldiko lehen garaipena lortu nahi dugu Zaragozan, eta atzelaria naizen aldetik, golik jaso gabe irabazten badugu, askoz hobeto!

Teorian, berdinketa ere emaitza txarra ez da, dena dela.

Asteazkenean Levante mendean hartzen badugu ez, baina irabaztea da gure asmoa. Baina lehendabizikoa Zaragozaren aurkakoa da, eta emaitza ona lortzen ahalegindu behar dugu.

UEFAn aritu da Zaragoza aste honetan, eta galdu egin du, gainera. Kalterik eragingo ote die horrek?

Ez dakit,baina presio handiagoa izango dute, hori seguru. Lehendabiziko minutuetan Zaragozaren erasoei eustea lortuz gero partida gure alde jar daitekeela uste dut. Kontraerasoan min egiten asmatu behar dugu.

Harritu egin al zaitu Zaragozaren hasiera kaskarrak?

Egundoko taldea daukate, jokalari bikainak fitxatu dituzte, eta normala da jendeak beste era bateko emaitzak espero izatea. Dena dela, hau hasi besterik ez da egin, eta ondorioak ateratzeko goizegi da oraindik. Nire ustez, Zaragoza sailkapeneko goialdean izango da sasoi amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.