Aurrekariek beldurra ematen dute

Deportivori gaur irabazita, denboraldi honetan lehen aldiz bi garaipen lortu nahi ditu jarraian Osasunak

2008ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Osasunarekin ez dago fidatzerik sasoi honetan. Unerik zailenetan bikain erantzun du. Racingen aurka galdu eta gero jaitsiera postuetan hondoratu zirenean ederki suspertu zen, etxeko hurrengo lau partidak jarraian irabaziz, esaterako. Eta etxean kale egiten hasi denean -Betisen aurka eta Recreativoren aurka galdu egin dute nafarrek etxean jokatutako azken bi partidetan-, Nafarroako Erresuman gaizki egindakoak ederki konpondu ditu etxetik at Jose Angel Zigandaren taldeak, Getaferi eta Espanyoli irabazita. Baina erregulartasuna ez da Osasunaren ezaugarria. Etxean bolada bikainean zenean lau hilabete egin zituen etxetik at partidarik irabazi gabe, eta etxetik at emaitza onak lortzen hasi denean alderantzizkoa gertatu da Nafarroako Erresuman. Denboraldia hasi zenetik bi partida jarraian irabazi ez dituzten bi taldeetako bat da Osasuna (Levante azken sailkatua da bestea), eta gorabehera horiek ez dute gorritxoengan itsu-itsuan sinesteko aukerarik ematen. Lasaitzeko aukera izan duten bakoitzean kale egin dute nafarrek orain arte, eta Deportivoren aurka aldatu nahi dute bolada.

Gaur Deportivori irabazita, aurrerapauso itzela emango luke Osasunak. Bi partida jarraian irabazi gabe mailari eustea zaila da, eta bada garaia madarikazio hori amaitzeko. Denboraldiko unerik aproposena izan daiteke, bi partida jarraian irabazi eta jaitsieraren mamuei agur esateko. Atzo gauean Zaragozak eta Recreativok jokatutako norgehiagokak ere baldintzatuko du gorritxoen etorkizuna, baina gutxien-gutxienik bost jardunaldiren faltan jaitsiera postuak sei puntura izango ditu Osasunak, gaur Miguel Angel Lotinaren taldea mendean hartuz gero. Eta, beste partidei begiratu ordez, hobe dute gorritxoek euren partidak irabaztea. Aurrekariek beldurra ematen dute, dena dela. Betisen eta Recreativoren kontrako partidetan aurkaria baino gehiago izan zen Osasuna jokoan, baina aurkariak markagailuan aurre hartuz gero, partidak orekatzen ere ez du asmatzen Zigandaren taldeak.

«Oso bigarren itzuli ona egin dugu etxean, baina azken bi partidetan kale egin dugu. Dena dela, taldeak ez du ahul dagoenik erakutsi; alderantziz, taldea ondo dagoela esango nuke. Konfiantzaz ikusten ditut jokalariak, eta ez gabiltza bidea aurkitu ezinda», esan zuen atzo Jose Angel Zigandak, ezkortasuna uxatzeko asmoz. Hargatik, Deportivo mendean hartzeko zailtasunaz ere ohartarazi zituen bere jokalariak. «Bigarren itzuliko talderik onena espero dut. Partida taktikoa izango da, eta pazientzia handia izan beharko dugu. Ez dut gol aukera askorik espero, eta etxeko azken bi partidak bezain bizia ere ez da izango, nire ustez. Deportivo oso sendo ari da, bost atzelarirekin oso indartsu ari da atzean, eta geldikako jokaldietan min egiten du, gainera. Ez da samurra izango».



PAZIENTZIA BEHARKO DA. Jokalariei pazientzia eskatzea ez zen kasualitatea izan. Osasunako jokalariek eurek ere onartu dute aste honetan partidak azkarregi irabazi nahi izateagatik galdu zutela Betisen eta Recreativoren aurka. «Partida hasi eta berehala erabakita uzteko asmotan zelairatu gara etxeko azken bi partidetan, agian gehiegizko irrikarekin, eta hori ez da ona. Lasaiago jokatzea komeni zaigu, patxada handiagoarekin bilatu behar ditugu gol aukerak, ez korrika eta presaka», esan zuen Cesar Azpilikuetak joan zen ostegunean.

Zigandaren esanetan, ordea, arazoa ez zen izan gehiegizko irrika. «Gola sartzea merezi izan dugu azken bi partidetan, eta atezainen lan onagatik edo zorte faltagatik ez dugu lortu golik sartzerik. Horrek halako irrika bat eragin dezake, baina hori ez zen izan arazoa. Aukera ugari izan arren, asmatu ez izana da arazoa, nire ustez taldea sendo baitago, konfiantzarekin eta irabazteko gogoz». Gaurko norgehiagokan ere pazientzia izatea baino garrantzitsuagoa izango da gol aukerak baliatzea, zalantzarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.