Aurrekoak ez du balio

Xala-Laskurainek eta Olaizola II.a-Beroizek finalerako sailkatzeko partida erabakigarria jokatuko dute ostiralean

David Merino, belauniko, garaipena ospatzen, eta, haren atzean Mikel Beroiz, etsita, herenegun, Ogetan. R. BOGAJO / ARP.
Julen Etxeberria.
Donostia
2012ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Zalantza asko argitu ditu Binakako Txapelketako finalerdietako bigarren jardunaldiak. Larunbatean, Berasaluze VIII.a-Albisu hilaren 29ko finala jokatzeko aukerarik gabe geratu ziren, Labriten, Xala-Laskurainen aurka galdu ondoren (22-19). Igandean, ordea, Titin III.a-Merino II.ak tokia ziurtatu zuten finalean, Ogetan, Olaizola II.a-Beroiz mendean hartu ostean (22-20). Kontuak, beraz, argi daude. Xala-Laskurain eta Olaizola II.a-Beroiz bikoteen artean banatuko da finalerako azken aukera. Aspeko eta Asegarceko bikoteek ostiral honetan jokatuko dute neurketa erabakigarria, Bilbon. Egun bat geroago ariko dira elkarren aurka Titin III.a-Merino II.a eta Berasaluze VIII.a, jokoan ezer ez dutela.

Bitxia da Olaizola II.a-Beroizi gertatutakoa, finaletik kanpo geratzeko arriskuan baitaude, binakako txapelketan jokatutako hamasei partidetatik bakarra galdu arren. Baina halakoa da lehiaketa, aurretik egindako lan bikainak ezer gutxirako balio du une erabakigarrian huts eginez gero.

Kontrakoa gertatu zaie Xala-Laskuraini. Ezustean sailkatu ziren finalerdietako ligaxkarako, Irujo-Barriolaren azken orduko txakalaldia baliatuta. Finalerdietan ere galdu egin zuten estreinako partidan, Titin III.a-Merino II.aren aurka (22-16). Halere, eskura dute finalean egotea. Nahikoa dute ostiralean irabaztea txapelengatik lehiatzeko. Hori bai, gutxik jartzen dute zalantzan Olaizola II.a-Beroiz ez direnik izango finalean. Egundoko ustekabekoa litzateke kontrakoa gertatzea. Baina handiagoak ikusi izan dira. Adibidez, nork pentsa zezakeen txapelketa hasi zenean Irujo-Barriola ez zirenik egongo ezta finalerdietako ligaxkan ere?

Estatistikei begiratuta ere, Asegarcekoak dira faborito argiak. Txapelketan elkarren aurka jokatu duten bi partidetan nagusitu dira: 22-17 seigarren jardunaldian, Hendaian (Lapurdi), eta 22-13 hamahirugarrenean, Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.