Kontrola lehenengo eta errematea gero. Futboleko aurrelari onenen pare ibili zen atzo Alejandro Valverde (Movistar) Paris-Nizako hirugarren etaparen azken metroetan. Zaila zen amaiera, gorabeheratsua, talde bakar batek kontrolatzeko oso aldrebesa. Eta, egiari zor, lan asko pilatu zitzaion espainiarrari. Behin eguneko ihesaldia bertan behera geratuta —Michael Morkov (Saxo Bank), Jimmy Engoulvent (Saur Sojasun) eta Roy Curvers (Project 1t4i) sartu ziren bertan—, helmugara iristeko lau kilometro eskas falta zirenean erasoa jo zuen Sergei Lagutinek (Vacansoleil), eta orduan bai, orduan kontrol lan ona egin zuen Movistarrek.
Baina gorako joera zeukaten azken metroek ere, eta Carlos Barredok (Rabobank) sortutako zalapartarekin, bere kasa moldatu behar izan zuen Valverdek. Eutsi zion. Egin zuen kontrola. Luis Leon Sanchezek (Rabobank) azken astindua eman zuenean ere altxatu zen eserlekutik. Eta, sufrituz, Simon Gerransen (GreenEdge) atzetik aurrerako erreakzioaren jakitun, baina garaipen gozoa lortu zuen azkenean Movistarrekoak.
Ez zuen ospatu hasieran. Ez zuen besorik altxatu. Berak ere ez zekielako nor izan zen irabazlea. Gerransi begiratu zion berehala. Eta hark Valverderi. Helmugako pantailari begiratutakoan ohartu ziren biak. Orduan bai, orduan taldekideengana joan zen, zorion besarkadak jasotzera. Txirrindulari berezia da espainiarra, eta bi urteko zigorraren ondoren, meritu ikaragarria dauka egiten ari denak. Gainsariei esker, gainera, sailkapen nagusian koska bat gora egin zuen Valverdek, eta seigarren dago jada, Bradley Wiggins liderrarengandik (Sky) hogei segundora. Levi Leipheimer (Omega Pharma) oraindik bigarren da, sei segundora. Brive la Gaillarde eta Rodez artean, laugarren etapa jokatuko da gaur, 178 kilometrokoa, eta, atzokoaren moduan, azken bi kilometroek gorako joera daukate.
Tirreno-Adriatikoa, gaurtik
Udaberriko klasikoen atarian, Tirreno-Adriatikoa jokatuko da gaurtik igandera bitartean. 16,9 kilometroko taldekako erlojupekoarekin hasiko da itzulia, eta amaitu ere 9,3 kilometroko bakarkako erlojupekoarekin amaituko da. Etapa bakarra da aproposa igotzaileentzat, bosgarrena, Prati di Tivo mendatean amaituko dena. Besteren artean, han izango dira Cadel Evans (BMC) eta Joaquim Rodriguez (Katuxa).
Aurrelari onenen pare
Alejandro Valverdek irabazi du Paris-Nizako hirugarren etapa, eta Bradley Wigginsek jarraitzen du lider
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu