Aurtengo lau t'erdiko txapelketan ez da atzelaririk izango, 16 parte hartzaile egongo dira eta denak aurrelariak dira Iaz lau egon ziren, baina aurten enpresek baztertu egin dituzte. Pilotari hautaketan aurrelarien alde egin dute, neurrira hobekien egokitzen direlako. Hala azaldu dute gaur Aspe eta Asegarceko arduradunek, Zarautzen, txapelketaren aurkezpenean.
Txapelketa ostiralean hasiko da, Arnedon (Errioxa), eta azaroaren 29ra arte luzatuko. Finaleko datan ez da atzerapenik egongo. Txapelketa eredua iazko bera da, eta ligaxka final-laurdenetan jokatuko da. Fase horretarako sailkatuta daude: Irujo eta Olaizola II.a iazko finalistak, Bengoetxea VI.a eta Urrutikoetxea. Urrutikoetxeak Saralegiren hutsunea beteko du, Amezketakoa jada ez dagoelako EPELen enpresetan.
Atsedenak dira txapelketako berritasun handiena, telebistaz emaniko partidetan bi ezinbestean egongo direlako. Telebistak eta telebista eskubideak dituen enpresak hala behartuta, zuzenean emititzen diren partidetan hiru minutuko atseden bana egongo da 12. eta 18. tantoaren ondoren. Pilotariek aurkezpenean bertan izan dute erabakiren berri.
Lehen jardunaldia:
Ostirala; Arnedon (Errioxa): Victor / Jaunarena. Irabazlea, Retegi Biren aurka, (Bartzelonan)
Larunbata; Tolosan (Gipuzkoa). Bi partida.
Irribarria / Olaetxea. Irabazlea Artolaren aurka, urriaren 9an.
Arretxe II.a / Ezkurdia. Irabazlea, Xalaren aurka.
Igandea: Zallan (Bizkaia): Aritz Lasa / Elezkano II.a. Irabazlea, Altuna III.aren aurka.