Hasiera-hasieratik erakutsi zuten faboritoek aurreikuspenak ondo egindakoak zirela. Gogor ekin zioten arraunak astintzeari. Txanpa bizi-bizia egitea ohikoa da, eta hori ederki egin zuten. Aurreneko metroak egin eta gero ere, bizi-bizi jarraitzeko erabakia hartu zuten hirurek. Oriok eta San Pedrok muturra erakutsi zioten Urdaibairi, segundo eskas bateko tartea soilik izan bazen ere. Haustera atera ziren bi gipuzkoarrak, estropadaren burua hartu, eta presioa Urdaibairi jartzeko asmoz. Burua hartu zuten, baina ez luzerako. Izan ere, Bou Bizkaia traineruko arraunlariak ez ziren urduri jarri. Bi gipuzkoarren erritmo biziari eustea erabaki zuten. Jakin bazekitelako beste biek ezingo zutela bizitasun horretan jarraitu denbora luzez. Lehen ziabogan, hiru segundo aurretik zituzten Orio eta San Pedro. Lehen luzean eusteko asmoa ederki beteta zegoen.
Bigarren luzea aurrera zihoan heinean, Urdaibaik eutsi baino zerbait gehixeago egin zuen. Parean zituen bi gipuzkoarrak, eta ez zuen denbora asko behar izan muturra ateratzeko. Ziabogaren aurretik izan zen hori, eta biratu ondoren aldatu zen estropada. Hortxe ekin zion erakustaldiari. Hausteko garaia zen. Eutsi eta gero, hautsi. Bost, sei, zazpi, zortzi segundora handitu zuen tartea hirugarren luzean. Hirugarren ziabogan, San Pedrori zazpi atera zizkion, eta Oriori hamahiru. Azken luzean, pasaitarrekiko tartea hamar segundokoa izan zen, eta oriotarrekiko aldea hogeita bat segundoraino igo zen. Horrela helmugaratu zen Urdaibai, eta horrela irabazi zuen Euskadiko Txapelketa.
Sailkapen nagusian, ezustean, hirugarren sailkatu zen Hondarribia. Lehen txandan egin zuen arraun, Zumaia, Isuntza eta Arkoterekin batera. Berehala hartu zuten aurrea bi gipuzkoarrek, eta lehia estuan aritu ziren. Oraintxe Zumaia aurretik, hurrengoan Hondarribia lehenago. Estropada polita ari ziren egiten. Parean joan ziren hirugarren luzera arte, zumaiarrek erritmoa galdu zuten arte. Ama Guadalupekoak muturra erakutsi zion, orduan, Telmo Deuni, eta azken luzean sei segundoraino handitu zen tartea. Askoz atzerago sartu ziren Isuntza eta Arkote. Hondarribiarren estropada onak saria eman zien bukaeran. Aurreneko hiru sailkatuak Espainiako Txapelketarako sailkatzen direnez, Castron (Kantabria, Espainia) izango dira hondarribiarrak abuztuaren bigarren asteburuan, Urdaibairekin eta San Pedrorekin batera.