Txapeldun handiak eta haren oinordekoak jokatuko dute gaur buruz buruko Kutxa Torneoko finala: Koteto Ezkurrak eta Miguel Mari Urrutiak. Erremontearen urteko partida nagusia da, modalitateak duen finalik ikusgarriena, eta Hernanin jokatuko da, Galarreta frontoian (16:45, ETB Sat).
Elkarrekin aritu dira askotan, eta elkarren kontra ere bai beste askotan, baina buruz buruko final batean lehen aldiz jokatuko dute Ezkurrak eta Urrutiak elkarren aurka. Egun modalitate horrek dituen bi izar nagusiak dira, eta txapelketa hasi aurretik gehienek ikusi nahi zuten finala da. Ezkurrak baditu jada hamar txapela eta Urrutiak ere bai bi. Ezkurraren gainbehera iragartzen hasita zeudenek kale handi samarra egin zuten iaz. Lau urte zeramatzsn Doneztebekoak txapelarik jantzi gabe, eta iaz jantzi zuen hamargarrena. Etorri da bere onera, eta finalean dago berriz. Finalerdietan lan eskerga egin behar izan zuen horretarako. Urriza gaztea larri-larri hartu zuen mendean (30-29), baina eskarmentua eskarmentua da, eta inork buruz burukoa ongi ezagutzen badu Ezkurrak ezagutzen du.
Urrutiak ibilbide luzeagoa egin behar izan du aurtengo txapelketan. Ligaxkako lehen partida galdu egin zuen Zeberio II.aren kontra (30-33), irabazi bigarrena Utergaren kontra (30-23) eta irabazi hirugarrena Urrizaren kontra (30-24). Finalerdietan Utergaren kontra jokatu zuen, eta irabazi (30-16). Azken urteetan gehien hazi den erremontista da. 2008ko eta 2009ko txapelketak berak irabazi zituen, eta iaz egin zuen kale. Uztailean eta abuztuan hura izan da pilotaririk onena. Ekainetik ari da maila ikusgarrian, eta txapela janzteko eta erregetza berri bati ekiteko hautagaia da horregatik.
Zesta-punta Hossegorren
Ez da Galarretakoa erremintak gaurko duen erakargarri bakarra. Hossegorren (Frantzia), izan ere, atzo iluntzean hasi eta hilaren 19a arte jokatuko da Nazioarteko Pilota Federazioak antolatutako Munduko Zesta Txapelketa. Espainiako selekzioko Goikoetxea eta Lopez dira hautagai nagusiak. Kontrarioak, aldiz, Beaskoetxea-Garita (Espainia), Tanbourindegi-Minvielle (Frantzia), Angel-Ulises (Mexiko), Kevin-Tico (AEB), Treku-Etxeto (Frantzia), Garcia-Alliez (Frantzia), Erkiaga-Hernandez (Espainia), Hormaetxea-Erkiaga II.a (Espainia), Olha-Irastorza (Frantzia) eta Egiguren II.a-Enbil (Espainia).
Aurreneko aldiz elkarren kontra
Ezkurrak eta Urrutiak buruz buruko Kutxa Torneoko finala jokatuko dute gaur Galarretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu