Arautegiak aldatuak izateko daude, baita egutegi eta plangintzak ere. Pilota txapelketen aurkezpenek gero eta garrantzi gutxiago dute, urtez urte eta txapelketaz txapelketa, beti daudelako aldaketak. Atzerapenak, arautegi aldaketak... eta maiz telebistaren beharrak. Hori izan da aurtengo buruz buruko azken orduko lehen aldaketa eragin duen arrazoia.Ondorioz, Xabier Urberuaga eta Aimar Olaizolaren arteko final-zortzirenetako partida maiatzaren 10eko asteburuan jokatuko da, hasieran zehaztu baino hiru aste beranduago.
Aldaketaren iturria Abel Barriolaren lesioa da. Leitzakoak maiatzaren 10eko asteburuan ekin behar zion txapelketari, baina lotailu hausturaren erruz ezingo du jokatu. Egoera horrek hankamotz uzten zuen asteburu hori telebistentzat, partida bakarra egongo baita, eta bi dira astero partidak ematen dituzten kateak -ETB eta Tele5-. Horiek horrela, enpresek Barriolaren aurkaria zehaztuko zuen kanporaketa hiru astez atzeratuko dute.
Arautegiak, baina, «arau orokor moduan» ez du onartzen atzerapenik, eta onartzekotan, pilotari batek min hartu duenean baino ez du arautzen aldaketa hori. Kasu horretan, aurreneko baldintza da hurrengo kanporaketako lehen partidaren aurretik jokatzea, eta kasu honetan urratu egingo litzateke, final-laurdenetako lehen partidak maiatzaren 3an jokatuko direlako. Beraz, Urberuagak edo Olaizola II.ak min hartu duelako atzerapena eskatuko balu arautegiak ez luke onartuko. Aldiz, jokatuko ez duen pilotari baten lesioak aldaketa ekar dezake. Ulertezina. Dena den, arautegiaren azken puntuan, aurrez ikusi gabeko egoeren erabakia EPELeko Epaile Bakarraren esku uzten du, eta Borja Osesek nonbait ez du ikusi bidezko ez den ezer aldaketan.
Atzerapenak gehiago aztoratzen du Urberuagaren prestaketa Olaizolarena baino. Halere, bietako inori ez zion mesede egingo irabazi ostean bost astez jokatu gabe egoteak. Olaizolak prestaketa aste honetan egin behar zuen, baina aldaketa ulertu du. «Aldaketak beti dira eragozpen, baina, tira,bestera bost astez geldirik egon behar genuela ikusita, ez da zait hain txarra iruditzen». Bi pilotariek partidaren bat jokatuko dute kanporaketaren aurretik.
Urberuagak, berriz, goitik behera aldatu behar du plangintza. Atzo eguerdian ezagutu zuen berria, eta Ipar Euskal Herrian igarotzen ari den oporraldia egun batez luzatu ahal izan du. Berak, baina, ez du begi onez ikusi. «Niretzat onena asteburuan jokatzea zen. Sasoi puntu onean nago, eta hemendik hilabetera auskalo nola egongo naizen. Prestatzailearekin hitz egin dut, eta bi astez lan arina egingo dut, partidaren aurretik gogor hasi aurretik». Hau ez da EPELen erabakiek Aulestikoari kalte egiten dion lehen aldia, duela bi urte hiru atariko partida jokatu behar izan zituen buruz burukoaren aurretik.
Aurreneko petatxua
Enpresen Ligak maiatzaren 10era arte atzeratu du Olaizola II.a eta Urberuagaren arteko kanporaketa, telebista beharrengatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu