Etxean dago Ruben Beloki (Burlata, Nafarroa, 1974), sakelakoari begira. Astebete baino gutxiago falta da binakako txapelketa aurkezteko eta ez daki enpresak aukeratuko duen edo ez. Inoiz ez du egoera hori ezagutu 1992an aurrenekoz parte hartu zuenetik, eta berak dioenez, «ez zegoen zalantzarik» jokatuko zuela, baina aurten «dena ezberdina da». Belauneko minek ez diote maiz jokatzen utzi, eta, «gazteak indartsu» datozenez, ez daki jokatuko duen. Ustez, enpresak, txapeldun ohia, Ibai Zabala eta Oier Mendizabalen artean izan beharko luke zalantza.
Beloki jokatzeko dago, hala dio berak. Maila onean ari da entrenatzen, astean bitan, eta galtza zuria janzteko irrikan dago. Halere, bi aste daramatza geldirik, eta etzi jokatuko du abenduko bigarren partida. Egoera ezezaguna zaio. «Lehen, ondo nengoenean inoiz ez nintzen geldirik egoten, baina orain kontua asko aldatu da, eta ez zara garai batean bezain ezinbestekoa. Ea behintzat txapelketan sartzen garen».
Zalantza hori du bueltaka buruan, eta solasaldian behin baino gehiagotan azaleratzen da. Normala da, binakakoak hurrengo lau hilabeteak mediatizatuko ditu, eta kanpoan gelditzea kolpea litzateke. «Bizkarrekoa hartuko nuke, zertarako ukatu? Egoera oso estu dago, eta jendea indartsu. Baina tira, betidanik ondo moldatu izan naizen txapelketa bat da, zazpi final jokatu ditut, eta esperientzia hori alde dut».
Belokik dioen bezala, bere ibilbidea binakakoan distiratsua izan da, bi txapel bakarrik irabazi dituen arren. Iaz, baina, zapore mikatzarekin amaitu zuen.Lehen bi partidak jokatu, eta Xala-Zubietari irabazi berritan gelditu behar izan zuen. Belauneko arazoen lehen zantzuak ziren. Ez zuen partida gehiago jokatu. Aurten orban hori garbitu nahiko luke. «Arantzatxoa sartuta dut, azken txapelketa on bat jokatu nahiko nuke, iazkoarekin ez nintzen batere gustura gelditu. Pena handia emango lidake binakakoarekin hala bukatzea».
Dena den,ezezkorako prestatua dago Beloki. Udazkenean pilotalekuetara itzuli zenetik hamahiru partida jokatu ditu, etabost bakarrik irabazi. Estatistikek ez diote askorik laguntzen, baina txapelketan hasieratik ez sartuta ere entrenatzen jarraitzeko asmoa du. «Ordezko bezala jokatzeko prest nago ere, gerta daiteke. Txapelketa luzea izango da [11 partidako ligaxka] eta ordezkoak beharko dira, ziur. Beste bide bat da. Egon dira txapeldun izan diren ordezkoak». Umil mintzo da, gaur-gaurkoz ez du harrotzeko arrazoirik, eta ez du oso urrun begiratu nahi. «Gaur egun ez dakit zeintzuk diren nire helburuak, nire nahi bakarra onenekin jokatzea da».
Belauna zaintzen
Belokik zortea izan zuen udan. Belauneko hezur edema uste baino gehiago gaiztotu zitzaion, eta tratamenduaren eraginez ebakuntza-gela saihestu zuen. Halere, ondorioak utzi dizkio, eta bere lan egiteko modua aldatu du. «Belauna ez da duela bost urtekoa. Ezin ditut garai bateko bi orduko pilotaleku saio gogorrak egin, zaindu egin behar dut». Aberasturiko plasma, fisioterapia, izotza, hanturaren aurkako botikak... asteroko liturgia dira Belokirentzat. Eta horiek guztiek emaitza ona izan dute. «Astean bitan gogor entrenatzen dut, eta maila onean jokatzen. Ondo ikusten dut neure burua, sar naitekeela uste dut, eta ilusioa betikoa da». 36 urterekin, agian, arimarentzako elikagaia da garrantzitsuena.
Aurreneko zalantzak
Ruben Beloki sasoiko dago, «jokatzeko», baina belauneko arazoek ez diote maiz jokatzen utzi, eta bere ibilbidean lehen aldiz ez du batere garbi binakako txapelketa jokatzeko aukeratuko duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu