Pilota. EPELen buruz buruko txapelketako finala

Aurrenekoz, oreka

Apustuak parean irtengo dira biharko buruz buruko finalean; agian, Irujoren aldeko joera txiki bat izango da

Artekariak Bizkaia pilotalekuko kontrakantxan lanean, iazko eskuz banakako finalean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Oreka da nagusi: ez dago faboritorik; ez, behintzat, apustuzaleentzat. Juan Martinez de Irujoren eta Aimar Olaizolaren arteko biharko manomanistako finalaren hasieran, artekariek parean eskainiko dituzte apustuak. Bien arteko buruz buruko partida gehienetan, Irujo irten izan da faborito, tartean aurretik jokaturiko hiru finaletan, baina Olaizola II.ak Bengoetxea VI.aren aurkakofinalerdietan emaniko erakustaldiak dirua orekatu du.

Leon-kastillo apustu bat da; dena den, baliteke partida hasi aurretik Irujoren aldeko joeratxoa hartzea, baina ez momioa aldatzeko modukoa. «Retegiren aurkako partidaren ondoren, zalantzak zeuden Olaizolaren inguruan, eta hori ez zen ona inorentzat. Bengoetxearen aurka, baina, ikaragarri jokatu zuen, eta horrek dena aldatu du», azaldu du artekari batek. Egun hartan ere, dirua parean irten zen, eta ez zen logikoa, ondo bidean Olaizolak behar zuelako faborito garbi.

Parekotasunaren mezua asko zabaldu da. Interneteko apustu etxeetan, Irujo da faborito, baina alde oso txikiarekin: 1,80-1,90. Tolosako Kantabriko tabernako apustuetan ere, denak parean dira, eta han ez dago beste final batzuetako apustu ikusgarririk. Iazko lau t'erdiko finalean, esaterako, 18.000 euroko bat egon zen, Olaizolaren alde.

Bihar dirua parean irtetea berria da, elkarren aurka jokaturiko buruz buruko hiru finaletan Irujoren alde irten baitzen. Azkenekoa 2009an izan zen, eta dirua doblean irten zen Iberokoaren alde. Gero, usteak on egin zituen (22-12). 2006koan ere, doblean irten zen Irujoren alde, eta Iberokoak berriz ere on egin zituen pronostikoak (22-17). Bien arteko lehen finala 2005ekoa izan zen, eta artekariak 100-80ri eskaini zuten Irujoren alde; Olaizolak irabazi zuen gero (22-18). Partida hartan diruak izan zuen bilakaera harrigarria izan zen, Olaizola 15-6 galduz joan zelako.

Azken partidetan, baina, asko orekatu da. Iazko manomanistako final-laurdenetan, elkarren aurka jokatu zuten, eta dirua parean irten zen. Olaizola II.ak irabazi zuen, 22-18. Ez zen eskuz banakakoa, baina bien azken finala iazko lau t'erdikoa izan zen. Lau t'erdian Olaizola II.ak behar luke faborito, baina hatz bat haustearen ondorioz eskatu zuen atzerapen luzeak Irujoren alde jarri zituen momioak: 100-80ri. Beste behin, goizuetarrak sustoa eman zien arriskatu ez zutenei (22-12).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.