SLAVEN 2. ATHLETIC 1

Aurrera, ez sufritu gabe

Athleticek behar baino gehiago sufritu du Slaven Koprivnica kanporatu eta Europako Ligako hurrengo faserako sailkatzekoLehen zati negargarriaren ondoren, Muniainek eta Llorentek eman diote arnasa taldeari

jon eskudero
2012ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Gola: 1-0: Marasek (27. min.).1-1: Muniainek (46. min.). 2-1: Gregurinak (68. min.). Epailea: Danny Makkelie (Herbereheeak). Txartel horiak Slaveneko Purici, Canadijari eta Marasi; eta Athleticeko Iturrasperi, De Marcosi eta Susaetari eta Iñigo Perezi. Bestelakoak: 3.000 zale inguru Gradski estadioan.

Garrantzitsuena irabazi eta Europako Ligako hurrengo faserako sailkatzea omen. Baina, atzo ere bai? Joanekoan 3-1 nagusitu, eta Slaven Koprivnica maila apaleko talde baten aurka ere bai? Ez al da triste samarra? Izan edo ez, ez zuen sufritu gabeko poza hartu Athleticek. 2-1 galdu zuen Kroazian, eta behar baino gehiago sufrituta lortu zuen hurrengo kanporaketa jokatzeko sailkatzea. Partida negargarria jokatu zuten zuri-gorriek, ahazteko modukoa, eta kalitatezko jokalariek minutu on bat eduki zutelako itzuliko da bizirik Bilbora. Lehen 45 minutuetan ez zuten talde itxura ere eman, eta eskerrak garaiz esnatu ziren. Eskerrak Begoñako amari, bestela disgustu ederra hartu behar zuen batek baino gehiagok. Aukeran, nahi eta behar baino lehenago hasi da ikasten Athletic zer den sufrimendua.

Hortzak erakusten lehenak zuri-gorriak izan ziren. Laugarren minutua betetzerako Iturraspek sekulako aukera izan zuen, baina ez zuen ongi baliatu. Eta hortzak erakustea alferrik da koskik egiten ez bada. Lehoiaren ikurra daukate Bielsarenek, baina atzo, behintzat, izaerarik ez. Dena den, lasai antzean aritu ziren lehen hogei minutuetan. Ez zuten baloia hanketan asko eduki, baina Iraizozen ate ingurura apenas hurbildu zen Slaven.

Nahikoa izan zuen, baina, geldikako jokaldiak baliatzea bizkaitarrei sustoak ematen hasteko. Athletic gaizki ez, oso gaizki aritu zen atzeko lerroan, eta faltak eginez konpondu behar izan zituen arazoak. Jakina zen kroaziarrak iaioak zirela goikako jokaldietan, eta pare bat faltetan gola sartzeko zorian izan ziren. Baina gola buruz ez, hankarekin sartu zuten. Hori bai, beste geldikako jokaldi batean. Marasek maisuki astindu zuen baloia, eta, hesia ederki gaindituta, aurretik jarri zituen etxekoak. Iraizozek ezin izan zuen deus egin, baloiari begiratu bakarrik. Slavenen meritua baino Athleticen oparia gehiago izan zen gola.

Normalean, begiak ireki eta esnatzeko balio izaten du jasotako gol batek. Baina ez, orduan ere ez zioten iratzargailuaren botoiari eman zuri-gorriek. Berdin-berdin jokatzen jarraitu zuten: gaizki. Batere dinamikarik eta sakontasunik gabe. Zelaiaren egoera kaskarra zen, eta ondo jokatzea ez zen batere erraza. Konforme. Baina lehen mailako talde batek zerbait gehiago egin beharra dauka onenen artean ibiltzeko. Iazko sasoian Europako Ligako finala jokatu zuela ere gezurra zirudien. Slavenek hori baliatzen jarraitu zuen, eta gol aukerak sortzen.

36. minutuan bigarrena egiteko zorian izan zen. Erremate batean ez zuen asmatu kroaziarren aurrelariak, baina aldaratzean zutoin ondotik kanpora joan zen baloia. Hori gutxi ez, eta 41. minutuan zutoinera jaurti zuen Puricek ezker hankarekin. Sekulako jaurtiketa egin zuen, eta merezi izan zuen gola. Athleticen onerako, baina, berdin segitu zuen markagailuak, eta lehen zatiko albisterik onena horixe izan zuen, atsedenaldia ate-joka zegoela dagoeneko.

Epelak esango zituen aldageletan Marcelo Bielsak, Bilbotik bertatik entzuteko modukoak. Esan behar ere bai. Desastrea ikusita, hiru aldaketa egin zituen argentinarrak bigarren zatiari ekiteko. Llorente eta Muniain zelairatu egin zituen, gerora itxaron gabe. Ibai Gomez eta Toquero utzi zituen aulkian. Ruiz de Galarretak ere barrurako bidea hartu zuen, Ekizaren ordez. Bielsak erabat aldatu zuen hamaikako sistema, eta asmatu zuen. Nola asmatu ere. Ez da inor kexatuko.

Izan ere, bigarren zatia hasi eta berehala gola sartu zuen Athleticek. Muniain eta Llorente izan ziren protagonistak. Susaetak sakonean eman zion pasea errioxarrari, hark Muniaini eta nafarrak ez zuen barkatu atea hutsik zuela. Gol horrek arnasa eman zion taldeari, eta hortik aurrera bestelako itxura eman zuen. Zuri-gorrien artean jokalari batzuk duten kalitatea azkar asko azaldu zen, lehenengo aukeran ez baitzuten barkatu. Gol horrekin behera egin zuen Slavenek.

Juventuseko bi kide begira

Eta, noski, batek behera egiten duenean besteak gora egiten du. Halaxe egin zuen Athleticek. Ismael Lopezek eta De Marcosek aukera apartak izan zituzten kanporaketa erabat erabakita uzteko, baina ez zuten asmatu. Dena den, Ruiz de Galarreta gazteak huts egin zuen aukerarik onena. Atezainaren aurrean bakarrik geratu, eta lekutara bidali zuen baloia. Ordurako, bigarren gola egina zuen Slavenek, 68. minutuan Gregurinak ez baitzuen barkatu.

Gol inozoa izan zen, merezi gabea, baina berdin balio zuena. Kroaziako erdilariak jaurtiketa pattala egin zuen, baina Iraolaren hankan jo zuen baloiak, eta sareetarako bidea hartu zuen. Egia esan, gol horren ondorioz ez zuen izugarri sufritu Athleticek, baina azken minutuak luze egin zitzaizkion. Sasoiko lehen sustoa atzo bertan igaro zuten zuri-gorriek, behar askorik gabe. Iratzargailua lehenago jarri izan balute, hobe.

Garbi geratu zen taldeko hainbat jokalariren artean alde handia dagoela. Llorente eta Muniain erabakigarriak izan ziren oso. Juventuseko bi arduradun egon ziren han neurketari begira, ziurrenik jokalariarekin eta Josu Urrutiarekin hitz egiteko partida amaieran. Badirudi etorkizun motza duela Llorentek Athleticen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.