Txapela eramateko hautagai sendoetako bat dela erakutsi zuen Aurrera Saiazek joan den ostiralean, Asteasuko pilotalekuan. Urteak joan eta urteak etorri goi mailan dabil Tolosako taldea, eta ia ziurra da aurten ere ez duela hutsik egingo. Erraz irabazi zion San Migueli (Lizarra) final-zortzirenetako lehen kanporaketa, eta datorren urtean zerrendaburu izatea lortu du dagoeneko. Hiru partidetan nagusituta egin du aurrera, eta ezin hobeto jokatu ondoren, gainera. Bikote indartsuak osatu ditu txapelketarako Luis Galarraga entrenatzaileak. Beraz, erne Aurrera Saiazekin.
Final-laurdenetako bigarren txartela norentzat izango zen igandean zen erabakitzekoa, Hernanin. Uharte eta Zaramaga Gasteizko taldea ziren lehian aritzekoak. Ordea, kanporaketa atzeratu beste erremediorik ez zuten izan antolatzaileek, nafarrak bidean aurrera ezin eginda geratu zirelako elurraren erruz. Hala, bihar zortzi jokatuko dute, Hernanin bertan, 19:00etan.
KADETEAK
Chiapuso-Aburuza 22
Aramendia-Lander 6
GAZTEAK
Labaka-Iruretagoiena 22
Goñi-Garaio 5
NAGUSIAK
Urbieta-Arratibel 22
Zufiaurre-Nubla 13
Lehen neurketatik igarri zen zeregin gutxi izango zuela San Miguelek. Chiapusok eta Aburuzak ez zieten inolako aukerarik eman Aramendia eta Landerri, eta aise nagusitu ziren. Tolosako aurrelaria izan zen lehiako onena: hamabi tanto egin zituen guztira, eta lau sakez. Errematatzaile sena dauka, baina pazientziarekin jokatzen ikasi behar du.
Gazteen arteko norgehiagokak jaialdiko lehenaren antza izan zuen. Garaiorengandik askoz gehiago espero zen. Hain zuzen ere, Nafarroako buruz buruko txapelduna izan baita aurten. Baina gaizki aritu zen, eta nagusitasun osoz gailendu ziren Labaka eta Iruretagoiena. Asteasuarrak sendotasuna eman zion bikoteari, eta Labakak, kalitatea.
Nagusien mailan, azkenik, jaun eta jabe izan ziren Urbieta eta Arratibel. Bi pilotari gazte izan arren, ofizioa ongi ikasita daukate, eta zeresana emango dute etorkizunean. Lizarrako taldeak Nubla kantxaratu zuen atzelari postuan, Lana min hartuta zegoelako, eta nabaritu zen. Arratibelek bizkarra erakutsi zion une oro, eta Urbietak ez zituen alferrik galdu aukerak. Final-laurdenetan, Zaramaga-Uharte kanporaketako irabazlea izango du aurkari Aurrera Saiazek.
Aste honetan beste bi lehia jokatuko dira: ostiralean Adiskideren eta Olabururen artekoa, Galdakaon, eta igandean Erreka eta Amurrioren artekoa, Hernanin.
Aurrera Saiaz 3. San Miguel 0
Aurrera Saiaz aurrera
Tolosako taldeak erraz irabazi zion San Migueli; Zaramaga eta Uharteren artekoa atzeratu egin dute, hilaren 16ra arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu