Aurreraka ari da BERRIA txapelketa

Urtarrilaren 12an hasiko da bosgarren ekitaldia, Munitibarren; 24 taldek hartuko dute parte

ENEKOITZ TELLERIA ANDOAIN
2008ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Bosgarren ekitaldia du aurten BERRIA txapelketak. Afizionatu mailan gero eta sona handiagoa ari da hartzen; lehen uneko zalantza izpiak uxatu dira, asentatu egin da txapelketa eta indarrez errotuta ari da aurreraka. Euskal Herri osoko taldeek hartuko dute parte aurten ere; 24 dira orotara. Urtarrilaren 12an hasiko da txapelketa, Munitibarren (Bizkaia): Markina eta San Miguel Lizarrakoa ariko dira estreinako partida horretan.

Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean aurkeztu zuten txapelketa, atzo. Han izan ziren parte hartuko duten taldeetako ordezkariak, pilotariak eta antolatzaileak. EHPK-ko Aitor Axpe eta Martin Ibarra, antolakuntzako Rufino Rekalde eta Andoni Alvarez, eta BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendi. Antolatzaileek adierazi zutenez, txapelketak ez du aldaketarik izan funtsean. Aldaketa handiena lehiaketa sistemari dagokiona da, zerrendaburuen sistema berreskuratu baitute «txapelketari indarra emateko». Iazko txapelketan ongien sailkatu ziren zortzi taldeak jarri dituzte zerrendaburu gisa, hamasei taldek hartuko dute parte lehen kanporaketan, eta zortzi irabazleak zortzi zerrendaburuen kontra ariko dira bigarren kanporaketan. Hortik aurrera final-laurdenak, finalerdiak eta finala ohi bezala -aurtengo finala, Hernaniko frontoian, apirilaren 6an-. BERRIA txapelketak berezkoa duen ezaugarriari eutsi dio aurten ere: kanporaketak ez dituela partida gehien irabazten duenak gainditzen, tanto gehien egiten duenak baizik. Irabazitako partida kopurua berdinketa kasuetan bakarrik hartzen da aintzat.

Hiru hilabetez afizionatuetako puntako pilotariak elkarren kontra ikusteko aukera emango du aurten ere txapelketak. 24 dira taldek parte hartuko dute. Zuzenean gonbidatu dituzte batzuk, eta antolatzaileen deiari erantzun diete besteek. Kale egin dute iaztik hona batzuek, eta berriak dira besteak -Araban aurten bi talde ariko dira, lehen aldiz-. Ostiral, larunbat eta igandeetan jokatuko dira partidak. Taldeak sei pilotariz egongo dira osatuak. Lauk klubekoak bertakoak izan behar dute, eta beste biak izan litezke kanpotik ekarritakoak, betiere taldearen lurralde berekoak badira. Hori da antolatzaileek eskatzen duten betekizun bakarra. Hori eta, noski, maila bakoitzeko adinak errespetatzea. Txapelketaren antolatzaileak Hernani taldea eta EHPK izango dira aurten; Altzatarra taldeak ez du aurten antolakuntzan parte hartzerik izango. «BERRIA egunkariari bere babesa eskertu nahi diogu eta gogora ekarri nahi nuke Altzatarra taldeko Jose Maria Oteiza ere. Zendu berria da, eta Altzatarra taldeko arduradun gisa txapelketa honi emandako babesa eskertu nahi diogu hemendik», adierazi zuen Rufino Rekalde antolatzaileak atzoko aurkezpenean.



'BERRIA'-REN WEBGUNEAN JARRAIPENA. Urtero bezala, txapelketaren jarraipen zehatza egingo da BERRIA-ren webgunean (www.berria.info). Kronikak, emaitzak, parte-hartzaileen datuak eta argazkiak eskura izango ditu nahi dituenak. Aurten, gainera, izango du beste berritasun bat webgune horrek: bideoa. «Txapelketaren jarraipen zehatza egingo du BERRIA egunkariak. Asteazkenero emango dugu txapelketaren berri, webgunean ere izango dira emaitzak eta argazkiak, baina aurten beste urrats bat egin nahi izan dugu. Bideoan grabatuko ditugu txapelketan ari diren pilotarien eta teknikarien adierazpenak», argitu zuen Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak. Eskerrak eman zizkien antolatzaileei txapelketa babesteko aukera emateagatik, «benetako lana zuena eta pilotariena izaten baita».



ZenBaKIa

24

Parte-hartzaile kopurua. Aurten ere, Euskal Herri osoko taldeek eta Espainiako batek hartuko dute parte BERRIA txapelketan:



Gipuzkoakoak: Zazpi Iturri (Amezketa), Aurrera Saiaz (Bidania-Goiatz), Añorga (Donostia), Ilunpe (Azpeitia), Usurbil, Erniope (Alkiza) eta Hernani.

Bizkaikoak: Arkupe (Gernika), Igorre, Adiskide (Galdakao), Markina, Oizpe (Berriz), Mallabia eta Lemoa.

Nafarroakoak: Zugarralde (Burlata), Txaruta (Elizondo), San Miguel (Lizarra), Huarte (Uharte), Irurtzun eta Belate.

Arabakoak: Amurrio eta Legutio.

Iparraldekoa: Iparralde (bertako jokalariak biltzen ditu).

Errioxakoa (Espainia): Ezkarai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.